Iñaki Lizasorena da Martiko Torneoko azken txapela. Joan den abenduaren 29an jokatu zen finala eta piloteo gogor baten ondotik, 35 eta 27ko emaitzarekin garaitu zuen Migel Mari Urrutia saldiastarra. Partidako lehen tantoak Urrutiarentzat izan ziren, eta 1 eta 6ko emaitzarekin aitzinean jarri zen saldiastarra. Baina berehala etorri zen Lizasoren erantzuna eta 10 eta 7 aitzinetik jarri zen. Markagailuan 21 eta 7 zela, partida Lizasorentzat izanen zela argi zegoela uste zenean, berriz erasoari ekin zion saldiastarrak eta bi tantora hurbildu zitzaion Doneztebekoari (22-20). Hortik aitzinera, ordea, Urrutiak ez zuen ongi asmatu eta Doneztebera joan zen txapela. Lan txukunaren ondotik, kontent ageri zen Lizaso emaitzarekin eta txapela emazteari eskaini zion. Urrutiak, ordea, sakean ez zuela asmatu adierazi zuen —partidako biak bereak izan ziren—, eta hori bere kalterako izan zela. Gainerakoan, hiru huts egin zituen Lizasok, eta bederatzi Urrutiak. Bertze erremontista baten buruan, baina Martiko Torneoko txapelak Donezteben segitzen du. 2006an Ezkurra izan zen garaile eta 2005ean
Zeberio II.a.
Lizaso eta Etxeberria Faustino txapelketan Ez da Lizasok aste hauetan eskura dezakeen txapel bakarra izanen. Izan ere, Urrizarekin batera, binakako Faustino txapelketaren finalerako sailkatzea lortu baitu. Ezkurra eta Olazar osaba-iloben kontra jokatutako finalerdiak hiru partida behar izan zituen. Lehena Kotetok eta Patxik irabazi zuten, baina ondoko biak, aurten erremontean debutatu duen Urrizak eta Lizasok. Finalean bertze doneztebar bat izanen du esperoan gibeleko koadroetan Lizasok, txapelketa honetan debuta egin duen Joxe Etxeberria, Altuna lehenarekin batera. Finala larunbat honetan jokatzekoa zen, urtarrilaren 12an, baina lerro hauek idazterakoan oraindik ez genuen final nagusi horren emaitzaren berririk.