Gratien Adema ‘Zaldubi’ kalonjeraren idazlanak sakon aztertu ditu Henri

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 14a, 12:58

Abenduaren 21ean Euskaltzaindiak herrian egindako bilkuran aurkeztu zuen liburua Hendri Duhauk. TTIPI TTAPA

Orotarat, zazpi liburutan 2 200 orrialdeko lana plazaratuko du

Dorrisboure familiak ongi zaindu duen altxorra senpertar guziek eta Euskal Herri osoak ezagutzen ahal dute orain Henri Duhauk egin duen lanari esker. Badira 100 urte Adema Zaldubi hil zela baina bere idazlanak ongixko daude beti bere ondokoeri esker. Egoera biziki onean atxiki dituzte testu guziak. Horiek lehen aldikotz ikusi zituztelarik ez ziren gutti harritu Henri Duhau eta Elena Touyarou Phagaburu euskaltzaleak. Adema Zaldubiren lan osoak aztertu ditu Duhauk, eta Touyarouk, euskal irakaslea denak, kalonjeraren biografia plazaratu du Bidegileak sailean.

Joan den abenduaren 21ean, Euskaltzaindiak Senperen egin zuen biltzarrean, orotarat zazpi liburu izanen dituen saileko lehen liburua plazaratu zuen Henri Duhauk. Euskaltzainak saileko lehen obra da hau eta ohore haundia da senpertar baten lanarekin hastea euskararen akademiak sortu duen argitalpen saila. Lehen liburuan, sekulan agertu ez diren Adema Zaldubiren testuak daude. Erlijio gaiak eta gai profanoak irakurtzen ahal dira. Henri Duhauk dio kalonjera zena bietan ederki moldatzen zela eta azala eta mamia, biak molde berarekin lantzen eta zaintzen zituela. Adema Zalubiren lanak XIX. mendeko testu ederrenak dira eta horien aztertzeak buru hauste bat baino gehiago sortu dio Duhauri. Adema Zaldubik testuak hobetzen zituen beti eta batzutan testu beraren hiruzpalau bertsio daude eta horrek ez du batere erraztu Beskoitzen sortu zen aztertzailearen lana. Dorrisboure familiak Duhauri prestatu dizkion liburuen orrialdeak ez dira batere horitu mende batez. Adema Zaldubiren idazkera ikusgarria irakur daiteke. Luma eta tinta dohai haundiarekin baliatu zituen. Erlijio eta gai profano testuetan denetatik mintzo da Adema Zaldubi baina ez du batere bere sorterria aipatzen. Duhauk dio behar bada ahalge zerbait badela hor.

Duhauren lehen liburuaren aitzinsolasa Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bilbon notarioa denak izkiriatu du. Urrutiak dio Euskaltzaindiarentzat ez dela ohore ttikia izan Gratien Adema Zaldubiren lanarekin irekitzea Euskaltzainak argitalpen sail berria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun