Zabalik Nafarroako Haur kantari jaialdietan izena emateko epea

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Duela bi urteko jaialdian Leitzako taldea Elizondoko Lur Aretoan abesten TTIPI TTAPA

Elizondoko saioa otsailaren 23an izanen da

Euskal Kantuzaleen Elkartearen ekimenez, laster hasiko da aurtengo Nafarroako Haur Kantari jaialdiaren edizioa. Izen emateko epea zabaldu dute eta otsailaren 8a bitarte egonen da zabalik. Horretarako, elkarteko helbideetan, 948 14 47 06 telefono zenbakian, 948 38 26 58 fax zenbakian eta nafarroagaraia@kantuzale.net helbide elektronikoan edo edozein irrati euskaldunetan izen eman daiteke. Gure eskualdean, Xorroxin Irratian eta Leitzako Karrapen egiten ahal da.

Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat azaldu ditzake eta partaide bakoitzak bi kanta egin ditzake, nahi duen modukoak, kantu zaharra, berria, sortua eta bertze. Euskal Kantuzale Elkartearen gomendioa bi kanta egitea da.
Jaialdien egitarauari dagokionez, lehenbiziko saioa otsailaren 16an eginen da, 18:00etan Tuterako Benjamin de Tudela Institutuan. Otsailak 23an, 11:00etan, Elizondoko Lur dantzalekauan eginen da, gure inguruko bakarra.
Martxoaren 1ean. 18:00etan, Antsoaingo Antzokian eta martxoaren 8an, ordu berean, Lekunberriko Udal kiroldegian eginen dira hurrengo bi saioak eta bukaerako saioa, berriz, martxoaren 16an izanen da Iruñeko Gaiarre Antzokian. Saio bakoitzera inguruetako partaideak joanen dira eta bukaerako saiora aitzineko saioetan nabarmendutako partaideak gonbidatuko dira.

Euskaraz kantatuz gozatzeko helburua

Euskal Kantuzaleen Elkartea Nafarroan euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzea, bultzatzea eta gozatzea helburu dituen erakundea da. Honen eredu diren Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa zein Haur Kantari Txapelketa zena, orain Haur Kantari Jaialdia, azkeneko hau haurrei propio bideratutakoa. Duela hamabost urtetik goiti egiten dira Nafarroan.
Haurrekin ari direnez, orain arte txapelketa zena alde batera utzi, eta duela bi urte jaialdiak egiteko erronka hartu zuen Elkarteak, kantua ez delako lehiatzeko, disfrutatzeko baizik. Txapelketak ematen duen presioa kentzea da asmoa, eta abesteak ematen duen gozamena hartzea. Tokian tokiko saioetan gozatzea izanen da helburua.

12.000 euroko aurrekontua

Nafarroako Haur Kantari jaialdien aurtengo aurrekontua 12.000 euro ingurukoa da, eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxak eta Baztan, Tutera, Lekunberri, Antsoain eta Iruñeko Udalek babestuta lortu da diru hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun