Bordatxoko jabeek kalte ordainen %100 jasoko dute

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 14a

Lehergailuak kalte material haundiak eragin zituen Bordatxo dantzalekuan TTIPI TTAPA

Aseguruen Partzuergoak eta Gobernuak 1.470.192 euro eman dituzte

2005eko abenduan ETAk Bordatxon leherrarazitako bonbak eragindako kalteak %100ean subentzionatuko dituzte Nafarroako Gobernuak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak.
Hasiera batean, kalteak 1.044.739 eurotan baloratu ziren, baina gerora, 1.470.192ra igo zen kopurua. Horietatik, Aseguruen Partzuergoak 1.169.492 euro eman ditu eta gainontzekoa Nafarroako Gobernuak, 300.740 euro guztira. Joan den abenduaren 27an onartu zuen Nafarroako Gobernuak ordura bitarte emandako laguntza zabaltzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren proposamena onartuz. Hala, Gobernuak hasierako 73.131 eurori bertze 227.608 euro gehitu dizkie. Aseguruen Partzuergoak, berriz, hasieran 971.608 euro bideratu zituen kalteak ordaintzera, eta bukaeran bertze 197.844 euro eman ditu, 1.169.492 euro guztira.
Horrelako kasuetan, Nafarroako Gobernuari kalte ordainen %80a ordaintzea dagokio, eta Aseguruen Partzuergoak egindako diru sarrerarekin Gobernuari dagokiona murriztu egin ohi da. Hala dio 254/1988 Foru Dekretuak, baina Gobernuak kasu «berezietan» laguntza haundiagoa eman dezakeela ere onartzen du Dekretuak. Donezteben Bordatxo dantzalekuaren kontrako leherketa kasu «berezia» dela iritzi diote Nafarroako Gobernuan, eta ETAren helburua «enpresarien kontrako estortsioa» zela adierazi dute, baita «ETAri dirua emateari uko egiteagatik enpresarien ondasunen kontra eraso zietela» ere. Hori horrela dela erranez, erabaki dute kalteak %100ean diruz laguntzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun