Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak zita bikoitza zuen abenduaren 31n, 2007 urteari agurra emateko. Goizean 60 mendizale inguru bildu ziren Autobus Geltokian Mendaur mendia igotzeko, Donezteben ohitura den bezala.
II. San Silbestre Lasterketa
Arratsaldean, II. San Silbestre lasterketa doneztebarra egin zen. Joan den urteko arrakasta ikusirik, aurten ezin zen hutsik egin, eta marka berri bat hautsi zen, 91 korrikalari bildu baitziren, gehienak Doneztebe edo inguruko herritakoak. Lau kilometroko ibilbidea izan zuen probak, denak herrian barna. Herrikoia izan zen, eta giro ezin hobea egon zen, jende aunitzekin ibilbide guztian. Irteeran Haizea Erkizia doneztebarrari animozko mezu bat igorri zitzaion, orain dela gutti izandako trafiko istripu bategatik errekuperatzen ari baita. Bat zenbakidun dortsala bere izenean gorde zen, eta txalo zaparrada hunkigarria eskaini zitzaion.
Gizonezkoetan bi garaile izan zirela erran daiteke, Alberto Barberena baztandarra eta Rafa Maritxalar lesakarra, biek elkarrekin eta besotik helduta pasa zutelako helmuga, 12 minutu eta 39 segundoko denborarekin. Aipatzekoa da Rafa Maritxalar lesakarrak goizean Azpeitiko San Silbestre proban parte hartu zuela eta bigarren postua eskuratua zuela.Hirugarrena Patxi Irazoki igantziarra izan zen. Nesketan, 14 minutu eta 8 segundoko denboran, Cristina Arbués izan zen lehena. Lau minutu geroago Oianko Garde eta Izaskun Zabaleta sartu ziren.
Proba akitzean, 14 produktu-sorta zozketatu ziren korrikalarien artean.