Patxiku Irisarri alkatea lanaldi osoan ari da urtarrilaren 1etik

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 14a, 11:32

EAk gogor salatu du hilean 1.500 euro kobratu eta 14 paga izatea

Urte berriak lan gehiago ekarri dio Patxiku Irisarri alkateari, edo behintzat, dedikazio handiagoa. Urtarrilaren 1etik aitzinera, egun osoz ari da Herriko Etxean lanean, erran digunez «herritarrei zerbitzu osoagoa eta hobea eskaintzeko helburuarekin». Hemendik aitzinera herriko kontuekin bakarrik pasatuko du eguna. «Idazkari berria dugu, teknikoak ere bai, eta beharra ikusten genuen». Goizero bulegoan egonen da, joan nahi duen guztiarentzat.

EAk bere aldetik, alkatearen soldata gehiegizkoa dela kritikatu du, «hilean 1.500 euro garbi eta urtean 14 paga. Soldata gordinaren urteko kostua 26.000 eurokoa izanen da herriarentzat». Aldi berean, hauteskunde aitzinetik errandakoa ez duela bete uste du EAk. Kritika horiei erantzunez, Herri Taldeak prentsaurrekoa eskaini zuen ilbeltzaren 10ean: «1.500 euro aunitz den edo guti den, gu horrekin ez gara sartuko balorazioak egiten. Ttipi-ttaparen urriko alean agertu ziren eskualdeko alkate-zinegotzien soldaten berri eta jendeak aski du konparatzea. Argi utzi nahi dugu, dedikazio osoarekin 1.500 euro kobratuko baditut ere, lehen Etxalarko Udaletik 600 euro kobratzen nituela. Lehen Udalari 10.000 euro gostatzen zitzaion eta orain 26.000». Herri Taldeko kideek hauteskunde kanpainan Herriko Etxeari eskaintzeko nahiko denbora bazutela aipatu zutela zioen EAk kritikaren bertze zati batean. Honi erantzunez, Patxiku Irisarrik «eskaintzen diogun denbora hori ez da nahikoa, edo eskaintzen diogun denborarekin ez dugu nahiko eraginkortasunik lortzen. Beraz, Herri Taldearen batzarrean erabaki genuen alkateak dedikazio osoa izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun