Abenduaren 27an, Bertizko Jauregian sinatu zuten Baztan-Bidasoako gasbidearen proiektuaren ezaugarriak biltzen dituen hitzarmena Jose Maria Roig Aldasorok, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegurako kontseilariak eta Jose Maria Gilek, Gas Navarrako zuzendari nagusiak. Ekitaldian, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak ere parte hartu zuen. Roig kontseilariak aipatu zuenez, «gasbide honen bidez, Baztan-Bidasoako lurraldearen oreka Nafarroako bertze lurraldekoekin parekatuko da, eta enpresa eta negozioan konpetibitatea handituko da. Gisa berean, herritarren ingurumen baldintzak eta erosotasuna hobetuko dira». Roigek azpimarratu zuenez, Nafarroa izanen da estatu osoko lurralderik «gasifikatuena, %84ak izanen baitu gas instalazioa». Gasbideak 33 kilometro eta erdi izanen ditu eta lehengo Bidasoako trenbidearen trazatua aprobetxatuko du, ingurumenari ahalik eta kalte guttien eragiteko. Lesaka eta Elizondo lotuko ditu eta banaketa sareak eta harguneak izanen ditu Sunbilla, Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita eta Elbeterako. Inguruko 6.200 herritarreri eta Legasako Aceraliari zerbitzua eskainiko dio. 8,7 milioei euroko inbertsioa eginen da eta horietatik 3,8 milioi Gobernuak emanen ditu.