Etxalarko Herri Taldeak, Patxiku Irisarri alkatea buru zuela, prentsaurrekoa eskaini zuen urtarrilaren 10ean Etxalarko Herriko Etxean. Lehenik, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren familia eta lagunei eta lesakarrei orokorrean elkartasuna adierazi zieten eta ondotik, zenbait udal konturen berri eman zuten. Xabier Iturria, Nerea Mitxeltorena, Irati Lujua era Patxiku Irisarri prentsaren aitzinean agertu ziren, udal aurrekontuei dagokienez Herri Taldearen proposamena agertzeko, aholkularitza juridiko berria aurkezteko eta alkatearen lanaren inguruan EAri erantzuteko.
Udal aurrekonturako proposamenak
Hasteko, joan den urtean hasitako eskola handitzeko lanak aurten akautuko direla jakinarazi zuen Patxiku Irisarrik. Arrakoizko industrialdeari dagokionez, lur gainean aurrerapen handirik ikusten ez bada ere, paperetan afera aitzintzen ari dela jakinarazi zuen Etxalarko alkateak. Bertze obretan, udaletxe gibeleko aldean txukuntze lanak eginen ditu udalak eta Herriko Ostatuarentzat aldagelak eta almazenak ere eginen dituzte. Marimigelenea parean argia lur azpian sartu dela eta bertze zenbait lekutan gauza bera egiten ahal den ere aztertuko du Etxalarko Udalak. Auzoetako pistetan, orain arteko lan ildoari eutsiko zaio eta zenbait bidetan, bi kotxe elkar gurutzatzeko tokiak eginen dituzte. Kanposantuaren gaineko aldean dagoen zabortegia erabat itxi nahi dutela ere aipatu du Etxalarko alkateak. Zabaleta mendian 36 Hektarea erostea eskaini diote Udalari eta momentu honetan solasean ari dira jabearekin salerosketa zehazteko. Herrira bueltatuz, udal langileak nabe baten beharra duela somatzen du udalak eta leku honen kokapena eta kostua aztertzen ari dira. Ermita aldera landatik doan bidea txukuntzea eta breaztatzea ere aztertzen ari da Udala:“Egunero jende aunitz ibiltzen baita errepide nagusitik arriskuan, aunitz adinekoak, istripuak ere izan dira eta bide hori moldatuz gero, hortik lasaiago ibiliko litzateke” adierazi zuen Patxiku Irisarrik.. Depuradora inguruan komuna egitea ere aztertzen ari da Etxalarko Udala. Idei berrietara irekiak daudela ere aipatu zuen Patxiku Irisarrik, horretarako zinegotziengana jo edo Aldalurrean jarritako postontzian idatzia utziz egiten ahal dituzte proposamenak herritarrek.
Aholkularitza juridiko berria, Gesbideren eskutik
Aholkularitza juridiko berriari dagokionez, honen beharra azpimarratu nahi izan zuen Patxiku Irisarrik, hirigintza arloan batez ere. Orain arte udalak zuen aholkularitza juridikoak ongi funtzionatzen zuela onartu ondotik, “bertze azkartasun bat behar dela” aipatu zuen Etxalarko alkateak. “Hemen gertatzen zaizkigun arazoei erantzun azkarragoa eman behar zaio. Gesbide izeneko aholkularitza hartuko dugu, horrek kostu ekonomikoa ekarriko dio udalari, urteko 3.500 euro gehi BEZa. Horren barrenean informeak egitea ere sartuko zen. Orain arte genuen zerbitzuarekin alderatuz, momentu honetan udaletxearentzat informe bat egiteagatik 400-500 euro artean ordaintzen dugu. Urtean zehar 3.500 euro horiek aisa pasatzen dira” azaldu zuen Etxakarko alkateak
EAri erantzuna
Etxalarko EAko taldeak errandakoei erantzunez, Patxiku Irisarriri ez zaio eskandalagarria iruditzen 14 paga izatea alkate lana betetzeagatik, “gaur egun, edozein langilek 14 paga izaten dituelako”. “1.500 euro aunitz den edo guti den –segitu zuen alkateak–, gu horrekin ez gara sartuko balorazioak egiten. Ttipi-ttaparen urriko alean agertu ziren eskualdeko alkate-zinegotzien soldaten berri eta jendeak aski du konparatzea. Argi utzi nahi dugu, dedikazio osoarekin 1.500 euro kobratuko baditut ere, lehen Etxalarko udaletik 600 euro kobratzen nituela. Lehen Etxalarko udalari 10.000 euro gostatzen zitzaion eta orain 26.000”. Herri Taldeko kideek hauteskunde kanpainan Herriko Etxeari eskaintzeko nahiko denbora bazutela aipatu zutela, zioen EAk kritikaren bertze zati batean. Honi erantzunez, Patxiku Irisarrik aipatu zuenez, “denbora badaukagu, baina denbora hori gure lana egin ondotik dedikatzen diogu. Beraz, hitza betetzen dugula argi utzi nahi dugu. Baina eskaintzen diogun denbora hori ez da nahikoa, edo eskaintzen diogun denborarekin ez dugu nahiko eraginkortasunik lortzen. Beraz, Herri Taldearen batzarrean erabaki genuen alkateak dedikazio osoa izatea”.
Orain, goiz eta arratsaldez Udaletxean izanen da Patxiku eta dedikazio horren herriari bere onurak ekarriko dizkiola uste du Etxalarko alkateak.