Errekako eskuz binakako txapelketa abiatu zen asteazkenean Donezteben eta Beran

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 10a

Aurrerako Unai Iparragirrek eta Gorka Urtasun iruritarrak Lizarrako Eguberrietako txapelketa irabazi dute

Errekako eskuz binakako seigarren txapelketa abiatu zen asteazken arratsaldean, Donezteben eta Beran jokatutako bigarren mailako seniorren kategoriako lehen kanporaketarekin. Donezteben, Errekako bi bikoteren arteko lehian, Otxoa eta Baleztenak 22 eta 18 irabazi zieten Gimenez eta Aristuri, partida orekatu baten ondotik. Zufiaurre eta Antxok erraz, 22 eta 10 irabazi zieten Arruti eta Agirreri. Errekako Imanol Mitxelena aranztarrak eta Urrutiak 22 eta 14 irabazi zieten Zugarraldeko Santesteban eta Azkarateri. Aurrelari aranztarrak hautsi zuen partida, pilota astinduz, moztuz eta aitzineko koadroetan tantu ederrak eginez. 10-1eko hasierako partziala erabakigarria izan zen. Usurbilgo Huizi eta Landak 22 eta 14 irabazi zieten Errekako Iribarren eta Ezkurrari, baina markagailuak ez du erakusten partidak izan zuen oreka.

Beran, Arrasateko Dominguez eta Uribarren erraz gailendu ziren Saez eta Agirreren kontrako partidan, 22 eta 8. Errekako Angitak eta Joseba Madariaga aranztarrak 22 eta 15 irabazi zieten Uharteko Azkarate eta Iragiri, jardunaldiko partidarik onenean. Ordu eta laurden iraun zuen eta lau pilotariak ongi aritu baldin baziren ere, Joseba Madariaga azpimarratu behar da, seguru aritu baitzen gibeleko koadroetan, pilota gogor joz eta moztuz. Eskuek errespetatzen badute eta frontoian ordu aunitz sartuta, etorkizun handiko atzelaria dela erakutsi zuen. Zugarraldeko Txorraut eta Soroak 22 eta 14 irabazi zieten Errekako Babaze eta Labianori. Burlatarrek hasieran egin zuten zuloa eta abantailari eutsi zioten, nahiz eta Errekakoek partida polita jokatu. Azkenik, Irurtzungo Armendariz eta Galartzak 22 eta 12 irabazi zieten Añorgako Eskudero eta Sagasetari.

Aurrerako Unai Iparragirre eta Gorka Urtasun iruritarra txapeldun Lizarran

Leitzako Aurrera elkarteko pilotarien emaitzei dagokienez, aipatu behar da urtarrilaren 5ean jokatu zirela Lizarrako Eguberrietako txapelketaren finalak. Bertan bi leitzarrek parte hartu zuten eta gazitik eta gozotik ekarri zutela esan beharko. Alebinetan, Mikel Sagastibeltza Lasarte leitzarrak, Landerrekin bikote eginez, 14 eta 18 galdu zuen Mitxelena eta Larrearen kontra. Seniorretan berriz, Unai Iparragirre leitzarrak, Urtasun iruritarra aurreko koadroetan lagun zuela, 22 eta 10 irabazi zien Armendariz eta Girones-i.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun