Nafarroako Haur kantari jaialdietan izen emateko epea zabalik

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 9a

Otsailaren 8a baino lehen apuntatu behar da eta Elizondoko saioa otsailaren 23an izanen da

Nafarroako Haur Kantari jaialdietan izen emateko epea otsailaren 8a arte ireki du Euskal Kantuzaleen Elkarteak. Horretarako, elkarteko helbideetan, 948 14 47 06 telefono zenbakian, 948 38 26 58 fax zenbakian eta nafarroagaraia@kantuzale.net helbide elektronikoan edo edozein irrati euskaldunetan izen eman daiteke. Gure eskualdean, Xorroxin Irratian eta Leitzako Karrapen egiten ahal da.

Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat azaldu ditzake eta partaide bakoitzak bi kanta egin ditzake, nahi duen modukoak, hau da, kantu zaharra, berria, sortua eta bertze. Euskal Kantuzale Elkartearen gomendioa bi kanta egitea da. Jaialdien egitarauari dagokionez, lehenbizikoa otsailaren 16an, 18:00etan eginen da Tuterako Benjamin de Tudela Institutuan. Otsailak 23an, 18:00tan, Elizondoko Lur Aretoan eginen da, gure inguruko bakarra, hain zuzen. Martxoaren 1ean. 18:00etan, Antsoaingo Antzokian eta martxoaren 8an, ordu berean, Lekunberriko Udal kiroldegian eginen dira hurrengo bi saioak eta bukaerako saioa martxoaren 16an Iruñeko Gaiarre Antzokian. Saio bakoitzera inguruetako partaideak joanen dira eta bukaerako saiora aurreko saioetan nabarmendutako partaideak gonbidatuko dira.

Euskaraz kantatuz gozatzeko helburua

Euskal Kantuzaleen Elkartea Nafarroan euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzea, bultzatzea eta gozatzea helburu dituen erakundea da. Honen eredu diren Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa zein Haur Kantari Txapelketa zena, orain Haur Kantari Jaialdiak, azkeneko hau haurrei propio bideratutakoa, duela hamabost urte goiti ospatzen dira Nafarroan. Haurrekin ari direnez, orain arte txapelketa zena, duela 2 urte jaialdiak egiteko erronka hartu zuen Elkarteak, kantua ez delako lehiatzeko, baizik eta disfrutatzeko. Txapelketak ematen duen presioa kentzea da asmoa, eta kantuak ematen duen gozamena hartzea. Tokian tokiko saioetan gozatzea izanen da helburu, haurrek kantu horrekin gozatzea.

12.000 euroko aurrekontua

Nafarroako Haur Kantari jaialdien aurtengo aurrekontua 12.000 euro ingurukoa da, eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxak eta Baztan, Tutera, Lekunberri, Antsoain eta Iruñeko Udalek babestuta lortuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun