Nafarroako sagardotegi denboraldia ortziralean irekiko da Aldatzen

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 9a

Duela zenbait urte, sagardotegietara sagardoa dastatzera joaten zen jende gehienak hainbat upeletatik dastatu, eta gero, gustatutakoaren arabera, erosi edo enkargatu egiten zuen. Hau urtean zehar elkarteetan edateko edo etxeetan edukitzeko egiten zen. Baina hasiera bateko dastaketa horren zentzua nolabait aldatu egin da eta jendeak geroz eta gustokoago duenez, hagitz famatua egin da. Dena den, lehenagoko ohitura hori oraindik mantentzen da, baina jende gehiena besta egitera joaten da sagardoa edatearen aitzakian.

Orain zenbait urte Gipuzkoako sagardo ekoizleek sagardo denboraldiaren irekiera ospatzen hasi ziren San Sebastian eguna erreferentzi hartuta. Gainera pertsonai famatu bat ekartzen zuten lehenengo txotx hori egiteko. Bide bera jarraitu zuten Nafarroako sagardo ekoizleek eta nahiz eta zenbakiz gutxiago izan, merkatuan gogotsu sartu ziren. Gure eskualdeari dagokionez, Lekarozko Larraldea eta Lesakako Linddurrenborda daude sartuta elkartean eta hagitz positibotzat jotzen dute elkarteak egiten duen lana.

Orain bi urte sagardo berria Linddurrenbordan dastatu zen eta iaz Larraldean. Ekintza hau hagitz garrantzitsua da komunikabideen bidez zabaldu egiten baita berria eta gainera, kupelak lehen zabaltzen dituenak oihartzun handiagoa izaten du. Aurten Aldatzko Martintxonea sagardotegian eginen da ekitaldia eta beti bezala musikari, kirolari eta pertsonai famatuek parte hartuko dute. Jo ala Jo kultur taldekoek sagar dantza eta kirikoketa eskainiko dituzte txistularien laguntzaz, eta ondotik ezagutzen ez den pertsonai batek hauxe erranen du:” hauxe sagardo berria”.

«Iazkoa ez zen sagar urtea izan»

Linddurrenborda sagardotegiko Juan Mari Lopezek aipatu digunez, iazkoa ez zen sagar urtea izan eta hortaz, ekoizleek kanpotik ekarri behar izan dute sagarra kupelak bete ahal izateko. Gainera nahiko uda kaxkarra egin duenez, sagarra nahiko motel zegoen eta alkohol gradu gutxi zituen, mottel antzera. Dena dela, oraindik goiz da azken emaitza ikus ahal izateko. Sagardoa gustuko dutenek ortziraletik aitzinera otordu ederrak egin bidenabar sagardo berria edateko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun