Azken urteetan bezala Ibintza kultur elkarteak abenduaren 3, 4 eta 5ean kultur egunak antolatu ditu.
Abenduaren 3an, ortzirala, haurren eguna izanen da. Goizeko 11etatik aitzinera haurrendako jokuak eta tailerrak eginen dira, baita herri kirolak ere. Eguraldi txarra egiten badu Herriko Etxeko ganbaran eginen dira, bertzenaz plazan. Eguerdian, 13:30etan azken urteetan arrakasta handia izan duen umeen bazkaria eginen da. 16:30etan Euskal Telebistan furi-furian dagoen «Betizu izar artean» antzezlana ikusgai izanen da eta 20:30etan talo jatea eginen da Herriko Etxeko ganbaran. Abenduaren 4an, larunbata, 11:30etan mus txapelketa eginen da eta arratsaldez, 16:30ak aldera zetreria hegaztien ikuskizun polita ikus ahal izanen da. 21:30etan afaria izanen da Herriko Ostatuan. Abenduaren 5ean, igandea eta kultur egunetako azken egunean, afrikar doinu eta dantzek arratsaldean giroa alaituko dute.