Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Sunbilla eta Zubietak ur hornidura arazoak moldatzeko soluzio berria izanen dute, Nafarroako Gobernuak Hirurteko Azpiegitura Planaren barnean oso osorik ordainduko baitu herri horietako udalek aurkeztutako egitasmoa. Mendaur soluzioari finantziazioa emanen dion Foru Agindua azaroaren 17an sinatu zuen Alberto Catalan, Toki Administrazio kontseilariak.
Proiektu hau da, hirurteko azpiegitura planaren barnean sartuak daudenen artean zaharrena, 1996koa baita. Arrazoi batengatik edo bertzearengatik, lanak emateko lehiaketetan ez da horretarako prest inor agertu eta egitasmoa moldatzen joan da horren arabera. Honela, proiektuaren kostu ekonomikoa berriz ere aztertu da, enpresa ezberdinek parte hartzeko interesa izan dezaten. Zubieta ere elkartu da proiektu honetara, uren arloan Europatik datozen jarraibide berrien arabera Mendaur soluzioak aukera emanen baitio gizakien kontsumorako kalitatezko uraren hornidura eskaintzeko.
Proiektu berriarekin, ura tratatzeko planta eginen da, baita erreketatik ura hartzeko eta eramateko lanak eta ur-deposito orokorra ere eginen da. Nilsa enpresa publikoak eginen du proiektua. Ur-hartze eta depositoen lanetarako 1.719.024 euro erabiliko dira eta tratamendu plantarako 640.761 euro. Aitzineko legealdietan hartutako konpromezua betez, Nafarroako Gobernuak oso-osorik ordainduko du.
Ur hartzeak hiru puntutan eginen dira, Zubieta, San Anton eta Ezkurra erreketan eta hortik ponpatze estazio batera ailegatuko da ura. Handik deposito batera bideratuko da eta tratamendu plantatik pasatu ondotik, tratatutako ura bertze biltegi batera igaroko da. Hemenidik, herri bakoitzeko depositoetara joanen da, lehendabiziko fasean eraiki ziren ur-eramate tuboetatik.