Errekaren Balizko desegitearen inguruan Doneztebeko Udalaren iritzia

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 9a

Doneztebeko Udalak «Erreka» Kirol Elkartearen balizko desegitearen inguruan herrian agertzen ari diren berriak direla eta, gai delikatu honen inguruan bere iritzia ematea beharrezkotzatjo du.
Lehenik eta behin Udalbatzak kiroldegiaren egoera ekonomiko larria dela eta, instalazio hauen etorkizuna bermatzeko neurriak hartzea beharrezkotzat jo zuen. Kontuan hartu behar da instalazio hauen mantenimendurako nahitaezkoak diren bi langile bertan aritzen direla. Kiroldegiaren eta frontoiaren erabilera denboraren %90 kirol elkarteei zegokiela ikusita (Erreka, futbola eta pilota) talde hauek erabilitako ordu bakoitzarengatik Udalari kantitate bat ordaintzeko aukeran pentsatu zen, horrela talde bakoitzak bere beharrak antolatzeko eta talde batzuen eta bertzeen artean konparaziozko bidegabekeririk ez izateko.

Kontuan hartu behar da ere talde hauek egiten duten erabilera ia esklusiboa dela eta partikularrei ezin zaizkiela instalazio hauek alokatu.
Erreka taldeko zuzendaritzak neurri hauek ulertuko zituelaren ustearekin bilera batera deitu zitzaien. Bilera horretan zuzendaritzako kideek agertu zuten iritzia honako hau izan zen: gauzak dauden bezala uztea, hau da, urtero 7.000 euroko dirulaguntza jasotzea eta kiroldegiaren erabilera doakoa izaten jarraitzea.
Ondoren egin diren akordio saioak ez dute deustarako balio izan, hondarrean erabilitako ordu bakoitzarengatik Errekak prezio errealaren %25 ordaindu beharko du. Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideek bileratan izandako jarrera negatiboa eta eman duten laguntza eskaxa azpimarratu behar dugu. Hondarrean lortutako akordioarekin ordaindu beharko dutenaren adibide gisa urrian 166 euro direla nabarmendu nahi dugu.
Azkenik Doneztebeko Udalak «Erreka» elkartearen jarduera inoiz ez duela gutxietsi nabarmendu nahi du eta honen froga da udalaren baliabide ekonomikoak ahal den hobekien kudeatzeko egiten ari diren ahaleginak, horrela oraindik urte luzez ordaindu beharko diren instalazio hauen etorkizuna bermatzeko.
Guzion ahalegina merezi duela pentsatzen dugu eta horregatik taldeko lehendabiziko plantillaren iritziaz gain komenigarria izan zitekeen handiago eta garrantzitsuago den taldearen oinarriari, hau da, bazkideei beren iritzia galdetzea.

Doneztebeko Udal Korporazioa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun