Mendian barna ibiltzea gehienei gustatzen zaigu, bainan mendi hoiek garbi eta txukun ikustea ere bai. Hori dela-eta, web orri batek argitaratu ditu Nafarroan aurkitzen diren 47 “puntu beltz”, hau da, zikinkeri edo hondamendiak agertzen diren tokiak. Toki bakoitzaren argazkia ikusten da, non kokatuta dagoen eta azalpen guztiak. Puntu beltz hoietatik lau Ttipi-Ttapako eremuan daude: Beran, Zugarramurdin, Amaiuren eta Azpilkuetan. Bainan zerrenda hau ez da itxia, alderantziz baizik: halako tokiren bat ezagutuz gero, edozeinek igortzen ahal du argazkia edo behar diren xehetasunak web orri horretan agertzeko. Hor agertzeak ez du seguraski arazoa moldatuko, bainan jendeari pitten bat pentsaraztea lortzen bada, behar bada lagungarri izanen litzake.
Zugarramurdiko puntu beltza Atxurian dago, eta poste geodesikoa eta buzoia hondatuak daudela adierazten du. Honen berri baginuen, eta badakigu hain xuxen Udalak plaka bat jartzeko intentzioa daukala. Web orriaren helbidea hauxe duzue: rutasnavarra.com, eta behin barnean “Merin”era joan eta hor “zaborrerias” hautatu. Joan eta ikusi-ikusi!!.