Baionako Maisons Etchola lantegiaren hesteak solas ainitz piztu ditu herrian enpresa hunek obra andana egin baitu gure eskualdean. Baionako merkataritza auzitegiak likidazioa judizialean ezarri zuen Etchola abendu hastapenean. Lapurdin, etxegintzan ari den lantegi haundienetarik zen Etchola. Urte guziz, 120 etxe eraikitzen zituen eta bere hesteak lur ikara sortu du etxegintzan. Hamabortz langileak kanpo eman dituzte eta Etcholako partaideek ere egoera latza biziko dute seguraski hemendik goiti.
Etcholak etxe ainitz altxatu ditu Senperen eta lana eman diote herriko artisau ainitzeri. Orain ere, obra batzuk egiten ari zen Etchola. Senpereko zurgin batek lan batzuk egiten ziozkan enpresa huni. ttipi-ttapari erran dionaz ez du diru galtzerik izanen klienteak berak pagatuko baitiozka egin zituen lanak. Lege berri batek ematen omen du parada hori. Etcholaren diru problemak ezagunak baitziren klienteak deliberatu zuen zurgina zuzenean pagatzea Baionako lantegiko moltsatik pasa gabe. Zurgin hunek lan batzuk baizik ez zituen egiten Etcholarentzat beraz ez du galtzerik izanen. Lapurdiko artisau ainitzek aldiz problemak izanen dituzte ez baitute xentimorik sakelerat emanen jadanik egin dituzten lan batzuentzat.
Enpresaren hestearekin, Senpereko Etcholaren kliente baten obrek beranta hartuko dute. Dena den, ttipi-ttapak jakin duenaz, kliente hunen etxea bermatzaile batek bururatuko du bere kontratuan bururatze osoaren bermea agertzen baita. Berme horretaz gozatzeko etxearen prezioaren %5 pagatu behar da bainan berantarengatik eskuratuko duen indemnizazioak estaliko omen du gastu hori. Etcholak dirua galdetu dio behin baino gehiagotan kliente huni bainan ez du sekulan pagatu nahi izan lanak ez baitziren bururatuak.
Laborategiak ateak hetsi ditu jabeak ezin baititu pagatu normetan izateko egin behar diren lanak. Heste hunengatik herritarrek Donibane-Lohizunerat, Baionarat edo Kanborat gan beharko dute odol ateratzeak eta analisiak egiteko.