Gipuzkoako Diputazioak Sener enpresari eman dio N121A errepidean, Behobiatik Endarlatsa bitarteko zatiko proiektuaren erredakzio lana. Enpresa honek 697.500 euroko aurrekontua aurkeztu du, hasierako aurrekontua baino %7 guttiago eta 18 hilabeteko epea izanen du proiektua idazteko. Nafarroako Parlamentuan EAJ-PNVko ordezkaria den Jose Luis Etxegarai begi onez ikusten du erabaki hau, baina Nafarroako zatian egin beharreko lanak lehenbailehen ematea eskatu du: «Egia da urte aunitzetako eskari negoziazioen ondotik Gipuzkoako Diputazioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordio batera ailegatu ginela, baina egia da modu berean, foru administrazioa oraindik ez dela proiektuen adjudikazioan hasi. Horregatik, N121A errepidearen moldaketa berriz ere gibeleratuko dela beldur gara». Badirudi Gobernuak moldaketa lanak nondik hasi zalantza duela, Igantzi-Bera zatitik edo Bera-Endarlatsa zatitik.