Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamenduak 4,27 milioi euroko inbertsioa eginen du Doneztebe eta Leitza lotzen dituen NA-170 errepidea hobetzen. Lan hau, 2002 eta 2009 urteen artean egitekoa den Errepideetako Plan Zuzentzailearen barrenean sartua dago. Duela bi urte errepide honen zati bat moldatu zen Zubieta eta Labaiengo Lotzabian auzoen artean, bi kilometro terdi eskas, baina oraindik orain zaila eta arriskutsua da bide hori. Departamentuko datuen arabera, egunero 800 ibilgailu igarotzen dira errepide honetatik eta %4a kamioiak edo autobusak dira. Erabiltzaileen ustez, errepidea egoera penagarrian dago, estua eta bidebazterrik gabekoa da eta zati handi batean, mendiaren eta Ezkurra errekaren artean ittoa gelditzen da. Elgorriaga, Ituren eta Ezkurra herrigunen eri-erditik pasatzerakoan ere, batzuetan etxeetako ateen ondotik, arrisku egoerak sortzen dira.
Beraz, Eusko Alkartasunak Nafarroako Parlamentuan egindako galderari Alvaro Miranda Herrilan Departamentuko kontseilariak emandako erantzunaren arabera, errepide osoan 6 edo 7 metro zabalerako galtzada egin nahi da, baina lanak ez dira 2009a baino lehen akituko.