Doneztebe Futbol Taldea abenduaren 18an aurkeztu zen

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 8a

Malerrekako 38 haurrek fitxa daukate talde berriarekin

Ekainaren 26an sortu zen ofizialki Doneztebe futbol taldea: estatutuak onartu ziren eta lehenengo zuzendaritza batzordea osatu zen. Irailaren 17an hasi ziren entrenatzen benjamin eta alebin mailako 38 haur Doneztebeko kiroldegian eta gaur egun Lesakako futbol-7 txapelketan ari dira jokatzen. Dena den, taldearen aurkezpen ofiziala larunbat honetan, abenduaren 18an, egin da Donezteben. Futbol talde hau sortu dutenen helburua bikoitza da. Alde batetik, oinarri batzuk sortu nahi dituzte «Doneztebe eta Malerrekako haurrek gure herian entrenatu ahal izateko, astean aunitz aldiz Lesakara joan beharrean, 44 kilometroko bueltak egin gabe». Bertze aldetik, gaur egun dagoen gabezia kontuan hartuz, etorkizun hurbilean belar artifizialeko futbol zelaia lortu nahi dute Donezteben, bertan partiduak jokatu ahal izateko. Izan ere, «Doneztebe izanen da Nafarroa osoan 1.700 biztanlerekin futbol zelairik ez duen herri bakarra».

Urtetik urtera, gero eta haur gehiagok eskatu diete gurasoei Lesakara eramatea, entrenatzera eta jokatzera. 2002-03 denboraldian Doneztebeko 24 jokalari ari ziren Beti Gazten kategoria ezberdinetan; 2003-04 denboraldian 31, eta aurtengo denboraldian 56, horietatik 38 Doneztebe futbol taldean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun