Maider Ansa aranoarrak irabazi zuen Euskal Kantu txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 8a, 13:47

Entzulegoaren saria ere Estitxu Pinatxo beratarrarentzat izan zen. TTIPI TTAPA

Bakarlarien artean Estitxu Pinatxo beratarra bigarren izan zen

Nafarroako Euskal Kantu txapelketaren 12. edizioak maila bikaina erakutsi du. Mutiloa Goitiko eta Larraintzarko kanporaketen ondotik, azaroaren 27an final nagusia burutu zen Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan. Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatu eta Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Rural Kutxak babestu eta lagunduriko saioan, 19 bakarlari, bikote eta talde aritu ziren oholtza gainean, kantu zaharrak eta berriak kantatzen. Guztiek bere lana egin ondotik, partaideek eta publikoak elkarrekin kantatu zuten, ekitaldi hasieran banatutako liburuxkari jarraituz.

Sariei dagokienez, bakarlarietan, sari nagusia Maider Ansa aranoarrak eraman zuen; eta bigarren postuan Estitxu Pinatxo beratarra gelditu zen. Eskualdeko partaidetzari dagokionez, Nerea Erbiti leitzarrak ere parte hartu zuen bakarlarien artean.

Bikoteen atalean, Ziaurrizko Maribel Bizkai eta Iñaki Gerendiainek eraman zuten sari nagusia; eta bigarren Aritz eta Iñigo agoiztarrak gelditu ziren. Berroetako eta Arantzako Mintxo eta Amaia eta Leitzako Maddi eta Birginia ere aritu ziren bikoteetan.

Taldeetan, Ultzamako Rock Populi izan zen onena epaiaren arabera eta bigarren Lekunberriko Gabari taldea izan zen.
Bertzelako sariak ere banatu ziren Bordatxoko emanaldian. Sari berezietan, sormena baloratuz, Etxarriko Amets Larrazarentzat eta Arizkurengo Gartxot-entzat sariak izan ziren; kantaren berritasunari begiratuz, Izaro Saizar berastegiarrak, Hodei Bakaikoa eltzaburuarrak eta Saioa Crespo tuterarrak sariak jaso zituzten. Entzulegoaren saria Estitxu Pinatxo beratarrarentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun