Joan den udan, Nafarroako Gobernuko Toki Administraziorako Departamentuak mendietako bideak moldatzeko dirulaguntza deialdi bat argitaratu zuen. Mendialdeko bortz udalok beraien egitasmoak aurkeztu zituzten, eta azaroaren 15era arte ez dute horien esleipenen berri jaso. «Gure harridurarako, lanen esleipena, ejekuzioa eta gastuen justifikazioa egiteko hilabete bateko epea paratu zigun Nafarroako Gobernuak, baldintza normaletan ezinezkoa, legediak berak ezartzen dituen epeak ezin zirelako bete, tramitazioa bera zenbait kasutan luzeagoa baita (baldintza pleguak prestatu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eskaintzak aurkezteko epea utzi, esleitu, lanak egin…)». Bortz udal hauetako ordezkarien ustez, Nafarroako Gobernuak ez du batere zuzen jokatu, deialdia bera lehenik, eta esleipena gero, izugarri berandu argitaratu dituelako, eta orain, «urtea bukatu aitzinetik guri lanak gaizki eta presaka egitera behartzen digulako, edo bertzelakoan, dirulaguntzari uko egin eta mendi-bideak konpondu gabe uztea, gure udaletarako zein bizilagunentzat horrek dituen zuzeneko ondorio kaltegarriekin. Susmoa dugu hori bera dela Gobernuak bilatu duena, dirulaguntzak ez emateko, espresuki agertu dadin guk egiten diogula uko, eta euren diru kontuak egoera hobean egon daitezen urte amaieran. Ba jakin dezala Toki-Administrazioko Departamentuak, ahalegin guztiak egiten ari garela lan horiek egiteko, maiz, legalitatea bazterrik bazter darabilgula, eta erritmo ero batean, lan baldintza kaskarretan».
Behin eta berriz gertatzen den jokamoldea da honakoa, eta UPN-CDNren gobernuari ozen salatu nahi diote jarrera hau, «bereziki mendialdeko herriekiko begirune eza, bertako errealitateari bizkar ematea, eta euren axolagabekeria, utzikeria, eta funtzionamendu eraginkor eza guk ordaindu beharra guztiz deitoragarria baita».
Herri Administrazioko Departamentuaren jarrera bera ikusten dute Gobernuaren Departamentu guztietan, eta udal ordezkarien ustez «argi dago, beraz, estrategia baten baitan dagoela politika hau, eta udalek bizi dugun egoera itogarria are itogarriagoa bihurtzen duela». Baztan, Bera, Goizueta, Leitza eta Lesakako udal ordezkariek aipatutakoaren arabera, «Nafarroako Gobernuak errotik aldatu behar du funtzionamendua zein dirulaguntzen politika, bertze lurraldeetan egiten den bezala, transferentzi bidez jardunez udalerriekin, eta ez, maiz gertatzen den moduan, mesede politikoetan oinarritutako dirulaguntza sistema zaharkituen bidez aritzea. Nafar guztientzako politika egiten has dadila eskatzen diogu, eta nafar guztiak modu berean tratatuak izan gaitezela, geografikoki nongoak garen, edo politikoki zein koloretakoak garen kontuan hartu gabe». Modu berean, gai honetan, eta aitzinetik ere bertze anitzetan, erakutsi duten negoziaziorako malgutasun eza salatu dute eta dei egin diote gauzak legeak ezartzen duenaren arabera egin ditzatela, lan funtzionamendu arrunterako egutegiak finkatu ditzala, eta toki-administrazioetako erakundeak aintzat hartzea, elkarlanean jardutea, funtsean.