Kasik 600 langabeturekin hasi da urtea

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 7a

Joan den urteko abenduan ere nabarmen goiti egin du langabeziak eskualdean eta urteko hondar egunean 598 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan, azaro akabailan baino 24 gehiagok. Honek, Nafarroako bertze eskualde guzietan bezalaxe, eskualdean langabezia %4,18 igo dela erran nahi du. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 335 kontratu gauzatu ziren abenduan, baina hamarretik bat bakarrik, 33 zehazki, izan ziren mugagabeko kontratuak. Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak, 347 baitira adin tarte horretan lanik gabe dauden emakumeak, azaroan baino bi guttiago. Dena den, 25 urtetik goitiko gizasemeek somatu dute gehien langabeziaren igoera, adin tarte horretako189 gizaseme baitaude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 25 gehiago. 25 urtez beheitikoen artean, zertxobait beheiti egin du langabeziak eta 27 emakume eta 35 gizon daude lanik gabe.

Lan arloei dagokienez, guzietan igo da langabezia, baina zerbitzuen arloa da, diferentziarekin langabetu gehien biltzen dituen arloa, 402 langabeturekin. Industrian 128 langabetu daude, eraikuntzan 38, nekazaritzan 11 eta aitzinetik lanik topatu ez duten 19 lagun daude lanik gabe.

2007. urteko bilakaera

Hilabetero hilabetero langabeziak eskualdean izan duen bilakaerari dagokionez, urtarrilean 620 langabetu zeuden Doneztebeko Enpleu Bulegoan, otsailean 666, martxoan 624, apirilean 574, maiatzean 520, ekainean 525, uztailean 543, abuztuan 639, irailean 538, urrian 541, azaroan 574 eta abenduan 598.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun