Mikel Mindegiak ordubete, minutu bat eta 49 segundo behar izan zituen lau kanako mozteko, igandean Donezteben egin zuen marka saiakeran. Ezkurrako aizkolari beteranoak marka pertsonala jarri nahi zuen 58 urterekin, eta lan bikaina egin zuen. Doneztebeko pilotalekua ederki girotuta zegoen igandeko saiorako, eta jendeak ez zuen hutsik egin, izan ere, bertako harmailak eta atzoko paratutakoak ere erabat bete ziren. Guzira 600 lagun bildu ziren Doneztebeko pilotalekuan, Euskal Herriko txapelketaren finalean bildu zenaren bikoitza. Zale aunitzek ikusi nahi zuen saioa, enborraren tamaina berezia baitzen. Gaurko egunean, lau kanako mozten ez da inor saiatzen eta Donezteben Mindegiak marka ederra utzi nahi zuen Gripeak jota ibili da azken aste honetan, eta ez zen baldintzarik onenetan ailegatu saiora. Betiko sasoian egon izan balitz denbora hori hobetzeko modua izanen zuen, seguru aski, baina atzoko bere egoera horixe zen eta horrekin aritu behar izan zuen. Plazaratutako lau enborrak onak atera ziren.
Ongi hasi zen lanean, eta 12 minutu eta 47 segundotan bota zuen lehen kanakoa. Denbora ona egin zuen. Bigarrengo kanakoan, ordea, denbora gehiago pasatu behar izan zuen, eta hori ere normala zen. Lehen kanakoa mozten baino minutu bat eta 13 segundo gehiago behar izan zituen bigarrengoan, eta 14 minututan bota zuen. Hirugarrenerako nabaritu zen ordurarteko lana, eta lehenengoan igarotakoak baino lau minutu eta erdi gehiago behar izan zituen; 17 segundo eta 23 segundotan bota zuen. Denborarik gehien azkenekoan eman zuen. Ahalik eta marka onena egiteko asmo horrekin erritmoa bizitu zuen; horren ondotik betekada hartu zuen, eta erritmoa jautsi behar izan zuen. 17 minutu eta 39 segundotan bota zuen azken enborra. Guztira, beraz, ordu bat, minutu bat eta 49 segundo eman zituen bere helburua betetzeko.
Gustura
Bukaeran gustura agertu zen Mikel Mindegia egindako denborarekin, baina ez zela baldintzarik onenetan aritu onartu zuen: «Astea gripeak jota igaro dut, eta azkeneko egunetan baino hobeto baldin banago ere, oraindik ez nago ongi eta hori nabaritu da. Bestela, denbora gutxiagoan akituko nuela uste dut», esan zuen. Atzoko lanaren ondotik, Ezkurrako aizkolari beteranoaren hurrengo helburua Urrezko Aizkora izanen da. Datorren igande eguerdian saio garrantzitsua izanen du Lekunberriko pilotalekuan, eta, Jon Rekondo lagun duela, hura irabazi nahiko luke, gutxienez final-laurdenetan izatea baita Mindegiaren helburu nagusia.
Gazteak ere ongi
Beteranoaren saioaren aitzinetik, Kenari Erasun gaztetxoak 45 ontzako bi enbor moztu zituen eta gero, Garikoitz Larretxea eta Oihan Larretxea lehengusuek, Ander Erasun eta Raul Castroren kontrako apostua jokatu zuten. Hamar kanaerdiko txanda librean moztu behar izan zituzten eta azkenean, Erasun eta Castro nagusitu ziren.