Eguberrietako ospakizunak akautzeko eta urte berriari azken ongietorria emateko Errege Kabalgatak eginen dira larunbatean, urtarrilaren 5ean, hainbat herritan. Honela, Arantzan, arratseko meza ondotik etorriko dira Erregeak. Plazan geldialdia eta agurra egin ondotik, elizara joanen dira eta bertan banatuko dituzte opariak. Igantzin ere, nahiz eta olentzero egunekoa izan Eguberrietako ospakizun nagusia, indar handia hartu du Errege Kabalgatak azken 25-30 urteetan.
Beran, arratsaldeko 15:30ean, Erregeen pajeak herriko karriketan barna ibiliko dira gutunak biltzen eta Errege Kabalgata arratsaldeko 6:30ean abiatuko da Itzea auzotik eta Eztegara pilotalekuraino joanen da. Lesakan, arratsaldeko 6etan abiatuko da Irain Eskolako eta Tantirumaitu ikastolako Guraso Elkarteek, udalaren laguntzaz antolatutako Errege kabalgata.
Sunbillan, arratsaldeko mezaren ondotik Erregeak eliza atarira etorriko dira goxokiak eta opariak banatzera. Jaiotza ere izanen da, nahi duten gaztetxoek parte hartzeko. Donezteben, Leitzan eta Elizondon ere eginen dira Errege Kabalgatak.
Iturenen joareak astintzera
Iturenen, Errege bezperan arratsaldez herriko mutil gaztetxoak joareak jarri eta herrian barna buelta emanen dute. Ilunabarrean, berriz, Iturengo ostatuan afaria izanen da eta afalondoan Ibintza kultur taldeak urtero prestatzen duen zozketaren zenbaki saridunak jakinaraziko ditu. Eta ohitura ez galtzeko, joareak paratu eta iñauterietan bezala Aurtiz, Zubieta eta Iturenen itzulia emanen dute joaldun guztiek elkarrekin.