Mikel Mindegia lau kanako mozten saiatuko da Errege egunean Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 4a, 11:58

Eguerdian hasiko den jaialdian, aizkolari gazteak ere ariko dira

Mikel Mindegia XX. Mendeko aizkolari handienetako bat izan zela bistan dago eta oraindik ere, 58 urterekin, zer erran aunitz ematen du, goi-goi mailakoen hurbilean segitzen baitu. Errege egunean, igandean, bere itzala handituko duen marka ahalegina eginen du Doneztebeko eskolako pilotalekuan, kanako lau enbor mozten saiatuko baita.

Lorenzo Apezetxea, Mindegiaren erakusleak aipatu digunez, ordubete baino gehixeagoko lana izanen da, baina beti ere, pago egurraren kalitateak eragina izanen du Mindegiak eginen duen denboran.

Aizkolari gazteak

Jaialdia eguerdiko 12etan hasiko da eta Ezkurrako aizkolari beteranoaren ahaleginaren aitzinetik, aizkolari gazteak lanean ikusteko aukera izanen da. Honela, Kenari Erasun gaztetxoak 45 ontzako bi enbor moztuko ditu eta gero, Garikoitz Larretxea eta Oihan Larretxea lehengusuek, Ander Erasun eta Raul Castroren kontrako apostua izanen dute. Hamar kanaerdiko txanda librean moztu beharko dituzte.

Gero, Mikel Mindegiaren saiakera izanen da, Euskal Herriko aizkorazaleen artean ikusmin handia piztu duena eta Euskal Herriko Federazioak ematen duen ofizialtasuna izanen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun