Etxalarko Eusko Alkartasunak kritika gogorrena egin dio Patxiku Irisarri Etxalarko alkateari, hilabeteko 1.500 euroko soldata garbia eta urteko 14 paga jartzeagatik bere burari. Etxalarko EAren arabera, “udalarentzat, soldata garbiari soldata gordinaren gastuan gehitu behar zaizkio, guzira, urteko 26.000 euro”.
«Hauteskunde kanpainan emandako hitza ez du bete»
Etxalarko EAren ustez, “alkatearen dedikazioa eta soldata bezalako gai garrantzitsuak garbi gelditu behar dira hauteskunde kanpainan, oraindik gehiago Herri Taldearen izenean aurkezten den hautagaiak badakienean alkatetzak eskatzen duen dedikazioa, urtebete luze baitzeraman karguan”. Horregatik, EAri ez omen dio balio orain aitzaki hori jartzeak. Gainera, Xorroxin Irratian egindako hauteskunde eztabaidan, Etxalarko alkate eta Herri Taldeko hautagai zenak Herri Taldeko hautagai guziek udaletxeari eskaintzeko nahiko denbora zutela garbi erran omen zuen. Behin hauteskundeak pasatutakoan “alkateak bederen, hauteskunde kanpainan emandako hitza ez duela bete” ikusten du EAk.
Etxalarko EAren ustez, larria da hauteskundeetatik sei hilabetera hitza mantentzeko kapable ez izatea eta gainera, “sakelera 1.500 euroko soldata eta 14 paga alkatetzaz arduratzeagatik gehiegizkoa iruditzen zaigu”.