Baztan-Bidasoako gasbideko lanak martxoan hasiko dira

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 3a

2009 urte hasierarako akautzea espero da

Baztan-Bidasoako gasbidea eraikitzeko lanak martxoan hasi eta 2009garren urte hasieran bukatuko dira. Joan den abenduaren 27an, Bertizko Jauregian sinatu zuten azpiegitura honen ezaugarriak biltzen dituen hitzarmena Jose Maria Roig Aldasorok, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegurako kontseilariak eta Jose Maria Gilek, Gas Navarrako zuzendari nagusiak. Ekitaldian, Begoña Sanzberrok, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak ere parte hartu zuen.

Roig kontseilariak aipatu zuenez, “gasbide honen bitartez, Baztan-Bidasoako lurraldearen oreka Nafarroako bertze lurraldekoekin parekatuko da, eta enpresa eta negozioan konpetibitatea handituko da. Modu berean, herritarren ingurumen baldintzak eta erosotasuna hobetuko dira”. Roigek azpimarratu zuenez, Nafarroa izanen da estatu osoko lurralderik “gasifikatuena, %84ak izanen baitu gas instalazioa”.

Begoña Sanzberrok, bere aldetik, gasbidea egitea “Nafarroako Gobernuak eskualdearekin duen konpromisoaren erakusgarri da, bizilagunei, enpresei eta komertzioei gas naturala bezalako zerbitzu berri modernoagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa eskainiko baitio”.

33 kilometro terdi, garai bateko trenbidearen trazatua aprobetxatuz

Gasbideak 33 kilometro terdi izanen ditu eta lehengo Bidasoako trenbidearen trazatua aprobetxatuko du, ingurumenari ahalik eta kalte guttien eragiteko. Lesaka eta Elizondo lotuko ditu eta banaketa sareak eta harguneak izanen ditu Sunbilla, Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita eta Elbeterako. Inguru honetako 6.200 bizilaguneri eta Legasako Aceralia enpresari zerbitzua eskainiko dio. 8,7 milioei euroko inbertsioa eginen da eta horietatik 3,8 milioi euro Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun