Euskaltzaindiako arduradun gorenak Senpereko Herriko Etxean bildu ziren joan den ortziralean. Beren bilkurak Bilboko egoitza nagusian egiten dituzte gehienetan baina tarteka bertze herri batean ere biltzen dira, zerbait ospatzen dela. Aldi honetako aitzakia Gratien Adema Zaldubiren heriotzaren mende muga izan dute. Abenduaren 10ean, ehun urte bete ziren apaiz euskaltzalea zendu zela. Horren kari, oroitarri bat ezarri zuten bere ohoretan eliza ondoan. Euskararen akademiako kideek Zaldubi ohoratu nahi izan zuten oroz gainetik, 1814an jadanik akademia baten beharra ikusi baizuen. Euskaltzainek eta euskaltzale batzuek bere biziari eta lanari buruzko hitzaldiak eskaini zituzten. Henri Duhauk liburu bat plazaratu du Zaldubiri buruz, ondoko Ttipi-Ttapan luze eta zabal aipatuko dugu horren berri. Zaldubik bere izena eman dio herriko ikastolari eta Elkartetxeko bilkura gela bati. Ondare aberatsa utzi du, bertzeak bertze Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun kantua. Euskaltzaindiak lan gaitza egiten du euskara batzearen alde eta baita euskalkiak aztertzearen eta atxikitzearen alde. Senpertar batzuek ere parte hartu dute lan honetan, hala nola, Dominique Dufau notarioa eta auzapeza zenak, Paul Guilçou Orkaztegikoak, edo Peio Jorajuriak, bertzeak bertze. Dufau ohoratzeko oroitarri bat emanen da bizi izan zen azken etxean. Omenenaldi hau otsailaren 3an eginen da.