Nafarroako Gobernuak 5.717.200 euroko dirulaguntza emanen dio Gas Navarra enpresari, Lesaka-Sunbilla-Doneztebe-Bertizarana-Baztan gasbidea jartzeko. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusiari dirulaguntza hori emateko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak. Baimen hori beharrezkoa da, gastua hiru urtez eginen baita. 3,1 milioi euro 2007. urteko aurrekontutik emanen dira, 515.200 euro 2008ko aurrekontutik eta gainerako bi milioi euroak 2009ko aurrekontutik.
Proiektuaren arabera, gaur egun Lesakara ailegatzen den sarera adar berri bat eginen da eta Sunbilla, Doneztebe, Legasako Arcelor lantegia eta herrigunea, Narbarte, Arraioz, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo eta Elbetera hedatuko da gas naturala.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren ustez egokia da proiektu hau diruz laguntzea, eta eskualdeari abantaila haundiak ekarriko dizkiolakoan daude. Petroleoaren eratorriak erabiltzen dituzten enpresei guttiago kutsatzen duen erregaia eskaintzeaz gain, hornidura seguruagoa izanen da.
Enpresa batzuek urtutako gas naturala erabiltzen dute gaur egun, baina garraioa errepidez egin behar da. Horrek hornidura zailtzeaz gain, gasbideko gasarekin konparatuta %10ean garestitzen du produktua. Enpresek ez ezik, herri haundienetako komertzioek eta etxebizitza partikularrek ere izanen dute energia mota hau erabiltzeko modua, lehen eta bigarren mailako sareak eraikiko baitira.