Doneztebeko Bordatxo dantzalekua kudeatzen zuen Iru-Lagun S.L. enpresari 227.608 euroko dirulaguntza ematea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak abenduaren 27an egindako bilkuran. Jakina denez, Bordatxo dantzalekuan lehergailua jarri zuen ETAk 2005eko abenduaren 21ean eta erabat hondatu zuen. 2006ko maiatzaren 22an 73.131 euroko bertze dirulaguntza eman zion Nafarroako Gobernuak enpresari eta orain onartutakoarekin, 300.740 euro jaso ditu Iruñetik. Kopuru hau, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak estaltzen ez duenaren osotasuna da. Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariaren proposamenez Gobernuak onartutako akordioaren arabera, atentatuak sortu zituen kalteen azken balorazioa 1.470.192 eurokoa da eta hasiera batean, 1.044.739 eurokoa izanen zela uste zen. Aseguru erakundeak 971.608 euro ordainduak zituen dagoeneko eta azkenean 1.169.452 euro ordaindu ditu.
Orokorrean, Nafarroako Gobernuak, eragindako eta justifikatutako kalteen %80a ordaintzen du, baina salbuezpenezko zirkunstantziak gertatzen direnean, muga horiek zabaltzen ahal dira. Doneztebeko dantzalekuaren kontrako atentatuan “salbuespen” hori ematen dela uste du Nafarroako Gobernuak, ETAren motibazioa “enpresarioei estortsioa egitea” zelakoan eta hauek, “talde terroristaren ekintza kriminalak” finantziatzeari uko egin ziotenez, “bere ondarea bidegabe murriztua ikusi zuten, bere borondatearen kontrako arrazoiengatik”, Nafarroako Gobernuko akordioaren txosten juridikoaren arabera.