Nafarroako abeltzaintza ustiategietan ingurumen baldintza tekniko egokiak ezartzeko epea 2008ko urriaren 1a arte luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Gisa honetara, granja handietako abeltzainek, 148/2003 Foru Dekretuan aurrekisuta dagoen bezala, produkziorako eta hondakinak kudeatzeko baldintza teknikoetara egokitzeko astia izanen dute. Nitratoen eraginez sortutako kontaminazioaz kaltetutako inguruetan dauden instalazioetan zenbait baldintza betetzea eskatzen du lege honek. Modu berean, arau honen arabera, Azienda Nagusiko 20 unitate baino gehiago dituzten abeltzaintza instalazioen jabeek produkzio eta gorotzen kudeaketa plana aurkeztu behar dute nahitaez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan.
Legearen arabera, 2007ko urriaren 1erako egin behar zuten hori ahalmen handiko abeltzaintza ustiapenen titularrek, baina irail hondarrean, plana aurkeztu beharra zuten 1.600 granjetatik 400ek bakarrik aurkeztua zuten produkzio eta gorotzen kudeaketa plana.
Ahalmen handiko ustiapenak honako hauek dira: behi, zaldi, ardi eta ahuntz aziendetan, Azienda Nagusiko 60 unitate baino gehiago dituztenak; zerri azienda eta hegaztien kasuan, 30 Azienda Nagusiko unitate baino gehiago dituztenak eta untxi, ahate eta ostruka azienden kasuan, Azienda Nagusiko 4 Unitate baino gehiago dituztenak.