Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak zita bikoitza zuen abenduaren 31n, 2007 urteari agurra emateko. Goizean 60 mendizale inguru bildu ziren Autobus Geltokian Mendaur mendia igotzeko, Donezteben ohitura den bezala. Mendi tontorrean argazkia atera zuten.
Haizea Erkiziari animoa
Arratsaldean, 6:00etatik aintzinera, II. San Silvestre doneztebarra burutu zen. Joan den urteko arrakasta ikusirik, aurten ezin zen hutsik egin, eta marka berri bat hautsi zen, 91 korrikalari bildu baitziren, gehienak Doneztebe edo inguruko herritakoak. Lau kilometroko distantzia izan zuen probak, denak herrian barna, Udaletxe atarian izan zelarik irteera eta helmuga. Hagitz herrikoia suertatu zen, eta giro ezin hobea egon zen, jende aunitzekin ibilbide guztian, korrikalariei animatzen, Irteeran Haizea Erkizia doneztebarrari animozko mezu bat igorri nahi izan zitzaion, orain dela gutti izandako trafiko istripu bategatik errekuperatzen ari baita. 1 dortsala bere izenean gorde egin zen, eta txalo zaparrada hunkigarri bat eskeini zitzaion.
Barberena eta Maritxalar eskutik helduta
Gizonezkoetan bi garaile izan zirela erran daiteke, Alberto Barberena baztandarra eta Rafa Maritxalar lesakarra, biek elkarrekin eta besotik helduta pasa zutelako helmuga, 12 minutu eta 39 segundoko denborarekin. Aipatzekoa da Rafa Maritxalar lesakarrak goizean Azpeitiko San Silvestre proban parte hartu zuela eta bigarren postua eskuratua zuela. Hirugarrena Patxi Irazoki igantziarra izan zen 12 minutu eta 52 segundurekin. Ondotik Iñigo Lasaga eta Angel Garate helmugaratu ziren. Lehenengo doneztebarra San San Miguel izan zen, seigarren postuan.
Cristina Arbués garaile nesketan
Nesketan, 14 minutu eta 8 segunduko denborarekin, Cristina Arbués izan zen lehena. Lau minutu geroago Oianko Garde eta Izaskun Zabaleta sartu ziren. Proba akitzean 14 produktu-lote desberdin zozketatu ziren korrikalari guztien artean, komertzio eta enpresa desberdinei esker.