Kultur Ondarea berreskuratu eta zaintzeagatik sariak eman ditu Cedernak

Utzitako argazkiak 2008ko urtarrilaren 2a

Amaiurko Errotan abenduaren 14an egin zen sari banaketan Saldias, Baztan, Bera eta Igantziko udal ordezkariek jaso zituzten aipamenak. TTIPI TTAPA

Saldias, Baztan, Igantzi eta Berako udalek sariak eta aipamenak jaso dituzte

Nafarroako Mendialdeko ondare kulturala eta arkitektonikoa zaindu eta berreskuratzearen alde egindako lanagatik, hainbat sari eta aipamen banatu zituen joan den abenduaren 14an Cederna-Garalur Elkarteak Amaiurko Errotan, Leader+ programaren barrenean. Azken hau sariketaren IV. edizioa izan da, eta hainbat udalerriren hamar proiektu saritu dira: 6.000 euroko lau sari eta 2.000 euroko sei aipamen berezi. Guztiek Uharte Arakilgo Miren Ustarroz Goñiren eskultura jaso dute.

Aitzineko aldian bezala, eskualdera ere hainbat sari etorri dira aurten ere. Saldiasko Udalak, erraterako, 6.000 euroko saria eta eskultura jaso ditu, errotako teilatua berritzeagatik. Epaimahaiaren arabera, «Saldiasko irin-errota herriaren gizarte- eta ekonomia-historiarekin zuzeneko lotura duen toki-ondarea da». Hala, nahiz eta gaur egun erabilera guttituz joan, Saldiasko Udalak argi du «errota oraindik ere baliagarria izan daitekeela herritarrei eta kanpotarrei zerbitzua eman, eta topaleku eta harrera-gune izateko».

Aipamen bereziak

Lehiaketan banatu diren 2.000 euroko aipamen bereziak eta eskulturak ere ailegatu diraeskualdera. Baztanen adibidez, sagardo dolare barrokoaren proiektuak jaso du aipamena: Jo ala Jo Kultur Taldearen ekimenez, sagardoa egiteko prozesu osoa landu duen egitasmoak. Zaharberritutako dolarea XVIII.mendearen azken lau rdenean eraikia izan zen. Garai hartan etxebizitzaren egituran hainbat aldaketa egin ziren, baina aldaketa horiek baino lehenago dolare gotiko bat omen zegoen. Erreforma-lanetan bertze eraikina egin zen, sagardoa egitera bideratua, eta horretarako hiru torlojuko prentsa berria erabili zen. XIX. mende bukaera edo XX. mende hasiera aldera, ordea, alde batera utzi zen dolarea. Jo ala Jo Kultur Taldeak ondare hori berreskuratu nahi izan zuen, eta hori da, hain zuzen, aipamen honetan saritu dena.

Bertze aipamen berezia Igantziko Udalak jaso du, Ankulutsako (Haraneko elutsa) ikuztegia berreskuratzeagatik. Nahiz eta gaur egun ez diren garbitzeko erabiltzen, Igantziko Udalak ondarea zaintzeari «arreta berezia» eskaini izana nabarmendu du epaimahaiak, «halako jarduerek herria suspertzen laguntzen dutelako, garai bateko bizimoduen berri emanez».

Berako Udalarentzat izan da eskualdera etorri den azken aipamena, Uxaneko zubia birmoldatzeagatik. Harrizko zubia Garaitarreta auzorako pasagunea da eta hori berreskuratzeko erakutsitako interes berezia izan da Cederna Garalur Elkarteak nabarmendutakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun