Agenda 21ek bi fase ditu: diagnostikoa —gabeziak aztertzeko— eta ekintza plana –proiektuak zehazteko—. Bai Malerrekan eta bai Mendialdean prozesua antzera garatzen ari da. Bietan udan abiatu zen eta bietan diagnostikoaren atalean daude, inkestak egin dituzte eta foroak egiten hasiak dira. Lehen fase hori martxo aldera bukatzea espero dute, eta Aste Santua ailegatzean ekintza planera salto egitea aurreikusi dute. Joan den urteko uztailean, abuztuan eta irailean inkesta horiek egiten Terra-Prometeako teknikariak ibili ziren, Zorione Aierbe, Iciar Montejo eta Gurutze Santxo. Eta hainbat izan dira ateratako ondorioak eta datuak. «Gure lana aholkularitza lana da, beharrak zein diren zehaztea, eta etorkizunera begira, udalei dagokie Agenda 21ek egindakoa baliabide bezala erabili eta pausoak ematen hastea», adierazi digu Zorione Aierbek.
Kezkak eta erronkak
MALERREKAn, osasun zerbitzuak eta errepideen egoera. Horiexek dira Malerrekako herritarren kezka edo erronka nagusiak. Inkestatutakoen %21,4 eta %12,7rentzat, hurrenez hurren, horiek dira behintzat. Ondotik datoz haurtzaindegiaren falta %8,5eko portzentaiarekin eta garraio publikoaren gabezia, %8,2rekin. Osasun zerbitzuei dagokionean, datu interesgarri bat gaineratu digu Aierbe teknikariak: «kezka nagusia da, baina jendea eskaintzen den zerbitzuarekin oso gustura dago. Jendeak gehiago eskatzen du, edo behar du». Inkestako datuek ere hala diote: ia %82a «oso gustura edo nahiko gustura» dago osasun zerbitzuekin. Osasun arloko zerbitzuekin batera, adinekoei zuzendutakoak dira notarik altuena eskuratu dutenak. Hezkuntzak, euskara zerbitzuak eta bideen garbiketarako zerbitzuak ere nahiko goian dabiltza. Notarik kaxkarrena, ordea, garraio publikoak eta udalen eta Nafarroako Gobernuaren ingurumena kudeatzeko zerbitzuak jaso dute.
MENDIALDEAn, ordea, etxebizitza da jendearentzat arazo nagusia, eta hala uste du inkestatuen %20,6ak. «Baina argi dago, etxebizitzarena errealitatea orokorra da, ez dela hemengo kontua», dio Zorionek. Bigarren kezka nagusia tokiko lana eta lanaren kalitatea (gazteentzat, emakumeentzat eta ezinduentzat) da Mendialdean, inkestatuen %18,4rentzat bai behintzat. Ondotik, garraio publikoan (%7,4) eta osasun zerbitzuetan dauden hutsuneak (%5,2) nabarmendu dituzte herritarrek. Puntuazio mailari dagokionean, edateko uraren hornidura sistemarekin eta 012 zerbitzuarekin daude gustura batez ere herritarrak, baita osasun zerbitzuekin, energia zerbitzuen hornidurarekin, hezkuntza sistemarekin eta ur-hondakinen saneamenduaren funtzionamenduarekin ere. Konforme ez dauden alorrak, berriz, garraio publikoarena eta emakumeentzako zerbitzuena, bertzeak bertze.
Malerrekan eta Mendialdean arazo edo erronka nagusiak eta zerbitzuek zenbaterainoko onespena duten ondoko grafikoetan ageri dira.
Ingurumenarekin eta norbere herriarekin harro
Gabeziak gabezia, argi gelditu den bertze ondorioa da ingurumenarekiko dagoen «maitasuna». «Ingurumena hemen dagoen ondare nagusietariko bat da eta hori jendeak baloratu egiten du». Ingurumena, berdeguneak, parkeak eta lorategiak dira egoerarik onenean daudenak inkestatuen arabera. Horregatik edo ez dakigu zergatik, baina Malerrekakoak eta Mendialdekoak gustura bizi dira euren herrian edo eskualdean. Hala diote datuek behinik behin. Izan ere, inkestatuen %96,4 «hagitz gustura» edo «nahiko gustura» bizi da Malerrekan, eta %99,4a Mendialdean
Parte-hartze eskasa
Arazoak eta zerbitzu eskertuenak zein diren zehazteaz gain, bertzelako ondorio interesgarriak ere nabarmendu daitezke. Eta horien artean, bat hauxe: Agenda 21 zer den ezagutzen duena hamarretik bakarra da, %90,7 Malerrekan eta %88,7 Mendialdean. Horren zergatia zein ote den galdetuta zera erantzun digu Zorionek: «Malerrekan ez dakigu zergatik den. Egia da bileretan Malerrrekan jendea geldi samarra dela esaten dela, eta edozein ekitaldi dela ere jendeari mugitzea kostatu egiten zaiola. Ez dakiguna da, hori berezko izaera duten ala gure akatsa izan den eta gu ez garen jendearengana iritsi». Mendialdean, berriz, parte-hartzea «okerragoa» izan omen da. «Batetik, elkarrengandik oso urrun dauden zortzi herri daudelako taldean, eta bestetik, eskualdeko sentimendua hain argi ez dagoelako. Leitzaldea eta Larraunaldea bi zatitan ala batean egin ere planteatu dugu». Dena den, horrek ez du arduratzen lantaldea eta urtarriletik aitzinera berriz ere bilkurak egiten hasteko asmoa dute, eta «espero dugu jendea gehiago mugitzea».