«Garai hartako zikiroa bakanal bat zen, bere sorgin eta guzti»

TTIPI TTAPA 2008ko urt. 2a, 09:37

Felipe SANTAMARIA TTIPI TTAPA

• Felipe Santamaria elizondarrak iaz 50 urte bete zituen Zugarramurdiko zikiro-jatera etortzen. Horietan behin bakarrik huts egin du (duela bi urte).

• Duela 34 urte alaba hil zitzaion, otsailean, eta abuztua ailegatzean lagunek zikiro-jatera gateko animatu zuten. Berak ezetz, ezin zuela, lagunek baietz, on eginen ziola. Eta gan zen, eta on egin.

• Aurten besta agurtu duela dio. Baina «ez dakit, beharbada abuztuan iritziz aldatuko dut».

Zein dira zikiro-jateari buruzko zure lehenbiziko oroitzapenak?

Nire aitak eraman ninduen, mutiko mukizu bat baizik ez nintzenean, 15 urterekin. Jende gutti ziren 50 bat lagun-edo eta kisu-labearen gainetik apaiz batek bazkaria bedeinkatu zuela oroitzen naiz. Argentinatik zikiroa erretzeko usaia ekarri zuten lehenbiziko erretzaileak ezagutu nituen orduan: Domingo Pery, Santiago Larre... Orduan ez zen piperradarik ematen, eta kafea leizean berean kraskatzen zen, errota-makina haundi batekin. Oroitzen naiz Cognac-a saratarrek ekartzen zutela, bizkarrean kargaturik zurezko kaja batzuetan.

Melona eramateagatik ezagunak zineten?

Bai, zikiroan banatzen den gasnaz gain, guk postre bezala melonak ere eramaten genituen, guretzat eta bai langileen artean banatzeko ere. Emakumezkoak erakartzeko ere izugarri baliosoak ziren... Errekan uzten genituen fresko mantentzeko, eta behin ebatsi egin ziguten. Jakin genuen nor izan ziren, eta eztabaida haundia sortu zen. Eskarmentu bezala, 75 franko kobratu genizkien. Ongi egin zuten diru hori ordainduz, erretzaileek eztabaida hurbildik segitu baitzuten, makilak prest.

Zergatik zure fidelidatea bestari?

Herritarrek eman didaten tratuarengatik: eskuzabalak dira bazkarira gaten garenekin, ongi zaindua sentitu naiz. Jende aunitz eraman izan dut besta horretara, segur bainintzen denek gustukoa izanen zutela, eta hala izan da beti. Barkatu, beti ez: 1968 urtean telebistan famatua zen Torre Bruno eraman genuen. Sekulako mozkorra harrapatu zuen, eta ez zela toki hartara gehiago gain erran zuen. Garai hartan Frantziako kantari famatua zen Claude Francoisen Chicas clo-clo -etako bi ere eraman genituen, bat zuria eta bertzea beltza. Hauek bai ongi pasatu zutela... Lehen gaizki ikusia omen zen emakumezkoak zikiro-jatera gatea... Emakumezkoak betidanik etorri izan dira, baina ez hemengoak, mugako bertze aldekoak baizik. Garai hartan bertze aldeko emakumeak hemengoak baino lotsagabeagoak ziren. Bakanal bat izaten zen, bere sorgin eta guzti, bainan modu modernoan. Pornografia puntu batekin. Behin sekulako takonekin etorri zela andre bat, eta espartin batzuk erosi behar izan zituen.

50 urteotan, zertan aldatu da zikiro jatea?

Baztandarren Biltzarrarekin gertatu den gisan, herritarrentzat zen besta izatetik, herritarrek kanpotarrei eskaintzen dieten besta izatera pasatu da. Eta horrekin batera zikiro-jatea nolakoa den galtzen doa. Jakin behar da nola zerbitzatu behar den, pittaka-pittaka hartuz, janaria ez hozteko eta bere puntuan jateko, hondatu gabe.... Jende berriak ez daki halakorik. Nahi den guztia hartzen ahal denez, gehiegikeriak ere izaten dira: ikusi izan dut haragia zaku batean sartzen etxerat eramateko, zakurrari emateko aitzakiakin... Bai-bai, zakurrari...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun