Doneztebeko Erreka elkartearen Eguberrietako saskia Elizondora joan da

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 27a

Saski eder hau jaso du Julian Baldantak TTIPI TTAPA

Merkatarien elkarteko erakusleiho lehiaketan Belen loradendarena aukeratu du epaimahaiak

Bertze hainbat ekitaldiren artean, Doneztebeko Erreka Kirol elkarteak Eguberrietako saski eder bat zozketatu zuen abenduaren 22an urtero bezala. Zenbaki saritua 2.907 izan zen eta dagoeneko badu jabea, Elizondoko Julian Baldanta, hain zuzen. Errekaren eskubaloi taldeko seniorren mailan ari da Baldanta. Horrela dago osatua Eguberritako saskia: mendi bizikleta, mikrouhin labea, telebista, likuadora, sandwichera, argazki makina, turroiak, urdaiazpikoa, ardoa, likoreak... eta bertze aunitz gauza. Zorte onekoa bera, ez baitu nolanahiko produktu sorta etxeratu.

Saskia Doneztebeko komertzioen laguntzarekin osatu dute. Aurten, urtero bezala, hagitz ona izan da hauen jarrera eta Erreka Kirol Elkarteak bere esker ona adierazi nahi die lagundu duten guztiei. Eguberritako saskia hagitz garrantzitsua da elkarteak urte osoan egiten dituen jarduerak finantziatzeko.

Merkatarien erakuslehio lehiaketa

Bertzalde, Eguberriei begira Doneztebeko merkatarien elkarteak abiatutako erakusleiho lehiaketako saridunak erabaki dira dagoeneko. Bi zati ditu lehiaketak, batetik epaimahaiak aukeratutakoa eta bertzetik bezeroek aukeratutakoa. Hain zuzen, epaimahaiaren sariketa horretan, Belen loradendak irabazi du lehen saria. Bigarrena Mari Cruz lentzeriarentzat izan da eta hirugarrena Santa Maria jatetxearentzat. Horrez gain, Lacar Etxeak aipamen berezia jaso du.

Herritar arruntek aukeratutako erakusleihoa zein den, berriz, bihar jakinaraziko da, hilak 28. Sari eta diploma banaketa ere egun berean eginen da, ortziralean, Doneztebeko Udalbatzar Aretoan, 14:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun