Bortzirietako eskuz binakako txapelketaren finalak jokatu ziren Igantzin

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

144 pilotarik hartu dute parte eskuz binakako txapelketan. Horietako aunitz Igantzira hurbildu ziren sariak biltzera. TTIPI TTAPA

Zazpigarren edizio honetan 144 pilotarik hartu dute parte

Azaroaren 25ean jokatu ziren Igantzin Bortzirietako eskuz binakako zazpigarren txapelketaren finalak. Guzira 144 pilotari aritu txapelketa honetan eta guzi horietatik18 bikotek lortua zuten bederatzi finaletako batean jokatzeko txartela.
Aurrebenjamin B mailan 18 eta 3 irabazi zuten Oier Larretxea eta Xiker Lizardi beratarrek Venta Yanci eta Xabier Taberna igantziarrei. Txapelketa honetan, Gaizka Zandio ere aritu da Berako bikotea osatzen. Aurrebenjamin A mailan ere bikote beratarrak, Yago Cantero eta Mikel Eltzaurdiak 18-3 irabazi zieten Aritz Irazoki eta Enero Sanzberro etxalartarrei.

Benjamin B mailan, gipuzkoarren arteko norgehiagoka izan zen. Hondarribiko Xabi eta Mikel Etxarte anaiak garaile izan dira, 18 eta 15 irabazi baitiete Oiartzungo Imanol Ugalde eta Mattin Kazaboni. Benjamin A mailan, oraingoan bai Oiartzungoak txapeldun izan ziren. Iker Mujika eta Iker Salaberriak 18 eta 8 irabazi zieten Gure Txokoako Harri Maritorena eta Peio Migelenari Alebin B mailan, Ekaitzako Jon Mazizior eta Gure Txokoako Jokin Pinatxo 18-12 nagusitu ziren Lesakako Arkupeko Julen Palenzuela eta Aitor Alzugarai-en kontra.
Alebin A mailan, elkar ongi ezagutzen duten Berako bi bikote izan ziren aurrez aurre. Andoni Lazkanotegi eta Beñat Mitxelena izan ziren garaile, 18 eta 11 irabazita Ander Errandonea eta Iñigo Martinezi. Infantil B mailan, Oiartzungo Andoni Ugalde eta Jon Irigoienek 18 eta12 irabazi zieten Etxalarko Xabier Gallardon eta Beñat Maiari. Azken markagailuak hori adierazten ez badu ere, berdintasun handia izan zen partida osoan.
Infantil A mailan, partida orekatuagoa espero zen, txapelketan elkarren aurka arituak baitziren. Azkenean Oiartzungo Oier Sarasti eta Eneko Aizpuruk 18 eta 6 irabazi zieten Lesakako Unai Zamorano eta Arantzako Markel Jorajuriari.
Azken partidan, kadete mailakoan, Gure Txokoako Julen Errandonea eta Arkupeko Iosu Sanjurjo, Arkupeko Mikel Maia eta Igantziko Biltokiko Iker Rojoren kontra aritu ziren. Partida ederra eskaini zuten. Hasieran hagitz parekatua joan zen markagailua. Azkenean, halere, gehiago asmatu zuten Mikel Maiak eta Iker Rojok eta 18 eta 12 irabaztea lortu zuten.
Finalak bukatu ondotik, sariak eman zitzaizkien txapeldunei eta azpitxapeldunei. Txapelketa jokatu duten guziei oroigarri bana ere eman zitzaien.
Dagoeneko banakako txapelketa hasi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun