• Abendu hasiera bikaina izan du Jon Jaunarena 15 urteko pilotari leitzarrak: lau t’erdiaren barrenean, Guillermo Mazoren omenez egiten den jubenil mailako txapelketa eta kantxa osoan, Cafés Baqué txapelketa kadete mailan irabazi ditu.
• Binaka ere, Diario Vasco txapelketaren finalerdietara ailegatu da Bolinagarekin batera. 15 eta 16 urterekin, promesas kategorian lehiatu dira, 18 urte arteko pilotariekin.
• Leitzarekin Nafarroako eta Euskal Herriko Herriarteko txapelketak ere irabazi ditu. Urtea beste hainbat txapel irabaziz borobildu du.
Abendu hasiera ikusgarria izan du Jon Jaunarena 15 urteko pilotari leitzarrak. Gazte mailako pilotari nafarrei zuzendutako Guillermo Mazo lau t’erdiko txapelketa irabazi zuen abenduaren 3an, finalean Ansotegi irurtzundarrari 18-7 irabazita eta kantxa osoan, Cafés Baqué txapelketako kadete mailako finalean Zabaleta 18-10 menperatu zuen. «Nik lehenbiziko urtea dut kadete mailan eta kontrarioak ni baino urtebete eta bi urte zaharragoak izan ditut eta ez nuen espero txapeldun ateratzea. Txapelketa ona egitera atera nintzen, irabaztea tokatu da eta ongi!». Binaka ere ikuskizuna eman du Diario Vasco txapelketan. 18 urte arteko pilotariak biltzen dituen promesas kategorian finalerdietaraino ailegatu baitzen, 16 urteko Bolinagarekin batera. «Ez genuen partida bat ere irabaztea espero eta begira, finalerdietan galdu genuen. Oso gustura gaude!». Urte bikaina izaten ari da Aurrerako pilotariarentzat. Beste txapel ugari ere lortu ditu: «Elgetako lau t’erdikoa, Amezketako Joxean Tolosa txapelketa, Leitzako txapelketa, Altsasuko Santo Kristo txapelketa… Leitzarekin Nafarroako eta Euskal Herriko Herriartekoak irabazi ditut. Esan liteke parte hartu duten txapelketa gehienak irabazi ditudala».
«Sake eta kolpe onak ditut, baina errematean hobetu behar dut»
Modalitate guzietan ongi moldatzen da Jaunarena, baina beharbada berari buruz buru kantxa osoan aritzea gustatzen zaio gehien. Bere ezaugarri nagusiei buruz galdetutakoan, hori besteek erantzun beharko dutela uste du Jaunarenak, baina «sakea eta kolpea» azpimarratzen du leitzarrak. «Oraindik gaztea naiz eta gauza asko hobetu behar ditut, horien artean errematea aipatuko nuke» Heldu den urteko martxoaren 2an 16 urte beteko ditu Jaunarenak eta dagoeneko enpresa profesionalen begiak somatzen hasia da kolkoan. «Dagoeneko Asegarcerekin entrenamendu batzuk egin ditut, batzuetan profesionalekin, besteetan afizionatuekin, baina abudoegi da profesionaletan pentsatzen hasteko. Oraindik lan asko egin beharra dago!».
Herri kirolari eta pilotarien herria da Leitza. Aita aizkolaria izanik, pilotaren bidea hartu du Jonek. «Ttikitatik pilotan aritu izan naiz. Aitarekin noizbait aizkora hartu izan dut, baina pilotak gehiago tiratu izan dit».
Aurten txapel ugari irabazi dituela begibistan dago, baina iaz, kuriosidade bezala, Xabier anaiarekin batera binaka jokatuta lau txapel eraman zituzten egun berean etxera, bakoitzak bina. Hori ere marka da!