Nafarroako klub arteko txapelketako lehenbiziko mailan segituko du Errekak

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

Erreka A pilota taldeak seniorren lehen mailan Nafarroako klub arteko txapelketan lehen kategorian segituko du 2008an ere. Abenduaren 1ean jokatu zen Erreka eta Lizarrako San Miguel A taldearen arteko azken jardunaldia Donezteben. Bi taldeak hiruna jardunaldi irabaziak zituzten eta beraz, emozio handia izan zen. Lizarran jokatutako bi partidak Errekakoek irabaziak zituztela kontuan hartuz, aski zuten partida bat irabaztea. Eta horixe egin zuen buruz buru Iñaki Etxegarai beratarrak, San Migueleko Arkaitz Peñasi 18 eta 13 irabazita. Bigarren partidan, Errekako Markel Etxebeste beratarra eta Joseba Madariaga aranztarra, San Migueleko Jorge Yaniz eta Auxkin Perez profesional ohiaren kontra aritu ziren. 9 eta 22 galdu zuten Errekakoek, baina Etxebestek tantu bikainak egin zituen eta Madariagak aitzin egin zion duela urtebete arte profesionala izan den eta sasoi ikaragarriarekin dagoen Auxkini. Azkenean, beraz, poz handia Errekako pilotari, entrenatzaile eta jarraitzaileentzat, heldu den urtean berriz ere lehen mailan jokatuko baitute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun