Amaiur B taldeak gizonezkoetan eta Sakanak emakumezkoetan irabazi dute Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa. Aurten, seikoteen artean jokatu da txapelketa hau, 465 kiloz beheiti gizonezkoetan eta 390 kiloz beheiti emakumezkoetan.
Hiru jardunaldi jokatu ziren azaroan, Arbizun, Lesakan eta Txantrean. Lehen saioan, emakumezkoetan berdintasun handia izan zen eta 3 punturekin berdinduak gelditu ziren Sakana, Beti Gazte A eta Beti Gazte B. Txantreak talde gaztea atera du aurten eta puntu bakarrarekin gelditu zen. Gizonezkoetan, Amaiur A eta B arras berdinduak aritu ziren, eta desenpateko tiraldia ere behar izan zuten. Azkenean, Amaiur Ak 3 puntu lortu zituen, Amaiur Bk 2 eta Txantreak (mutiletan ere talde gaztearekikin), bakarra.
Lesakan, azaroaren 17an, kontuak aldatu ziren. Gizonezkoetan, Amaiur B nagusitu zen (orduan ere desenpatea jokatu behar izan zuen herrio bertze taldearekin). Amaiur Ak Txantreari irabazi zion, eta Txantreak tiraldi guziak galdu zituen.
Emakumezkoetan, Sakanak ez zuen ustekaberik onartu eta eta tiraldi guziak irabazi zituen, bigarren Beti Gazte A izan zen, hirugarren Beti Gazte B eta laugarren Txantrea.
Honela, Txantreako azken saiora puntutan berdinduak ailegatu ziren Amaiurko bi taldeak, baina azkenean Amaiur B izan zen txapeldun 8 punturekin, bigarren Amaiur A 7 punturekin eta Txantrea hirugarren 3 punturekin.
Emakumezkoetan Sakanak pronostikoak bete eta tiraldi guziak irabazi zituen, txapela bereganatuz. Lesakako Beti Gazte A izan zen bigarren, Beti Gazte B hirugarren eta Txantrea laugarren. Sailkapen orokorra ere horrelaxe gelditu zen: Sakana txapeldun 11 punturekin, Beti Gazte A bigarren 9 punturekin, Beti Gazte B hirugarren 7 punturekin eta Txantrea laugarren 3 punturekin.
Nafarroako txapelketa akaut ubezain abudi, Euskadiko 4x4 txapelketan hasiak dira Amaiurko bi talde. Gainera, 290 kiloz beheitiko lehenbiziko tiraldiak Amaiurren berean egin ziren abenduaren 1ean. Bizkaiako Abadiño A eta B, Sokarri eta Gaztedi, Arabako Badaioz eta 6 Conceyos asturiarrak ari dira amaiurtarrekin.