Etxez etxe opariak eta ikatza banatzen ibili baino lehen, Olentzero herriko plazatik pasatuko da heldu den larunbat arratsaldean.Arribatzean, azken metroetan, hiru eskoletako haurrek lagun izanen ditu bidea irekiko baitiote kriseiluekin. Herriko Etxearen atarian, ongi etorria eginen diote Eguberrietako kantuak eskainiz. Ondotik Olentzerok bere bihotz ona erakutsiko die subila ekarriz, hau da, goxokiz betea izaten den enborra. Haurrekin egon eta gero, bere bidea segituko du ondoko egunetan lan anitz izanen baitu, baina herritarrek besta giroa segituko dute aperitifa eginen baita Sarako kantari eta musikariekin.
Elkarretaratzea
Euskal Presoak Euskal Herriratzearen aldeko elkarretaratzea eginen da usaian bezala urtats bezperan. Plazan eginen da, 19:00etan, Europa mailan bozkatua izan den legearen errespetua galdetzeko. Legeak dio presoak haien etxeetatik ahal bezain hurbil bete behar dutela kondena, baina gaur egun ez da hala izaten. Anitzen ustez, zigorra gogortzeko herritik ahal bezain urrun kartzelaratzen dituzte. Horrelako neurriekin, kondenatzeaz gain, familiarrek ere jasaten dituzte ondorioak, bisita labur batengatik kilometro anitz egin behar baitituzte. Gisa berean, aitzineko ortziralean, elkarretaratzea usaian bezala eginen da, 19:00etan.