Mendi Abesbatzak eta Agorreta Musika Eskolak emanaldia eskainiko dute ortziralean

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

Aurtengoan lehenbiziko aldiz elkartu zaizkigu Doneztebeko Agorreta Musika Eskolako ikasle eta irakasleak eta Mendi Abesbatzako kideak Gabonetako Kontzertu Berezia eskaintzeko. Abenduaren 21ean bilduko dira guziak Doneztebeko San Pedro elizan arratsaldeko 20.30ean, sasoi honetako doinuak abestu eta jotzeko asmoz.

Emanaldia hasteko, Agorreta Musika Eskolako ikasleek beren instrumentuak astinduko dituzte eta segidan, Mendi Abesbatzak Gabon Kantak abestuz bere saioa eginen du.

Kontzertuaren bigarren zatian berriz, guziak elkartu eta bertaratuko direnen belarriak goxarazteko Atozte Kristauak, Haurrak Lotarazteko Soinua eta Ator-Ator bezalako doinu hunkigarriak eskainiko dituzte.

60 lagun eskenatokian

Guztira 60 lagun inguru igoko dira eskenatoki gainera, tartean txistulariak, klarinete jotzaileak, pianojoleak, eskusoinujoleak, abeslariak eta bakarlari ugari izanen delarik, dudarik gabe entzuleak gozatuaraziko dituen aparteko emanaldi honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun