Irakurtzea gustuko duzula? Horixe nahikoa da 111 Akademiako kide izateko. Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ekimenez abiatu zen 111 Akademia, euskal literaturzaleen lehenengo akademia. 111 kide izatea da helburu, eta horietatik guttienez 17 nafarrak izatea. Momentuz, 82 kide ditu, eta horietatik lau dira nafarrak (Erratzu, Etxalar eta Arantza).Oraingoz, funtsezko eginkizuna urtero Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena hautatzea da, irakurleentzat gogokoena den liburua saritzea, alegia. Hasieran, Beterriko Liburua aldizkariko irakurleek erabakitzen zuten nori eman ohorezko aipamena. 2000. urtean irakurle horiekin Epaimahai Orokor bat osatu zen, eta orain, epaimahai hori Euskal Herri osora zabaldu nahi da. Interesatuak urtean guttienez bizpahiru liburu irakurri beharko lituzkete, urte horretan euskaraz argitaratuak; liburuak irakurri ahala, horiei buruzko iritzia bidaliko luke akademiara, eta urtea amaitzean bozka bidez aukeratu irakurri dituenetatik nori emanen liokeen urte horretako aipamena. Informazio gehiago: 943 696450/ akademia@111akademia.com-en, edo Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako liburutegietan.