700 bazkide inguru elkartu ziren Arkupeak-en urteko azken bestan

ttipi-ttapa 2007ko abenduaren 19a

Omenaldia jaso zuten bazkideak. TTIPI TTAPA

Urtarrilaren 20an Eusebio Irazoki omenduko dute Sunbillan

Arkupeak Erretiratuen Elkarteak bere urte amaierako besta egin zuen joan den azaroaren 24an Donezteben. Baztan-Bidasoa eskualdeko 3.600 bazkide ditu elkarteak eta horietatik 700 elkartu ziren Donezteben. Dena den, bertze urtetan baino jende guttiago hurbildu zen. Aitzineko urtearekin konparatuz, 300 lagun guttiago.
Omenaldi besta izan zen eta Felipe Ganboa lehendakariak aurten hildako 86 bazkideak gogoan izan zituen. Baina aldi berean, bazkideak elkartu eta leku berriak ezagutzeko duten gogoa ere azpimarratu zuen. Aurten banaz bertze bidai bakoitzera 380 bazkide joan dira.
Eguneko egitaraua mezarekin hasi zuten, eta meza ondotik denak kiroldegira joan ziren bazkaltzera. Hala ere, aitzinetik, eguneko momentu hunkigarrienaren txanda izan zen: omenaldiak. Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak eta Marta Alvarez Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia bertaratutakoei ongietorria egin eta sei omenaldi egin ziren.

Honako hauek jaso zuten txapela, makila eta lore sorta:

Joakin Goikoetxea zuzendaritzako kidea (87 urte); Jose Urrutia Saldiasko ordezkaria (87 urte), Anuntxi Agesta berriki arte zuzendaritzako kide izandakoa (92 urte) eta bere senarra den Jose Paul Corrales (86 urte). Azken hau zuzendaritzako kidea izateaz gain, ordezkaria eta Arkupeak elkarteko idazkaria ere bada.

Aurten hil diren bertze bi kide ere omendu nahi izan zituzten:

Pantxito eta Rosario Gorostiaga anai-arrebak. Biak ordezkariak izan ziren, eta Pantxito zuzendaritzako kidea ere izan zen. Egun ederra pasatu zuten erretiratuek azaroaren 24an, eta badute bertze bestak antolatzeko asmoa ere. Hemendik guttira izanen dena urtarrilaren 20an eginen dute. Eusebio Irazoki omenduko dute Sunbillan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun