Bidasoa errekari buruzko ondorioak ezagutzera eman ditu Uraren Foroak

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

Monika Migeltorena, Concha Fernandez de Pinedo, Alberto Jimenez eta Cristina Alonso, prozesuaren dinamizatzaileak. TTIPI TTAPA

2015. urtean arro osoan uraren egoera ona izatea da helburua

Nafarroa osoko erreka arro ezberdinei buruzko Uraren Foroa egiten ari da hilabete hauetan. Bidasoa arroari dagokionez, hainbat bilera egin dira Bertizen eta hauei buruzko ondorioak eta etorkizunean segitu beharreko lan ildoei buruzko azalpenak eman zituzten azaroaren 28an. Foro hau uraren inguruan interesa duen edozeini irekia egon zen: udal erakundeak, erabiltzaileak, enpresak, elkarte edo pertsonak indibidualak... Bidasoa ibaiaren arroaren egoerari buruz hausnartzeko zuzeneko gonbidapenak egin zitzaizkien 280 pertsoneri eta prozesuan Baztan, Bortziriak eta Malerrekako 60 bat lagunek hartu zuten parte. Bederatzi hilabetez zortzi bilera egin ziren: hasierako bileren ondotik, aurkezpena egin zen martxoan; maiatza eta ekaineko bileretan egungo egoera eta helburuei buruzko diagnosia egin zen; ekainean, irailean eta urrian, uraren kalitatea hobetzeko neurriei buruzko sesioak egin ziren eta azaroko saioan emaitzen aurkezpenaren ondotik, erakunde ezberdinekin bilerak eginen zituzten. Foro honen azken helburua, 2015. urtean Bidasoako uraren egoera ona izatea da, horretarako behar diren neurriak proposatuz.

Foroan parte hartu zutenen ustez, ur-hornidura leku guzietan ez dago segurtatua, erreka bazterren eta ekosistemaren egoera txarra eta uraren kontaminazioa dira arazo nagusiak. Industria eta herrietako isurketak ere aipatu zituzten, bertze zenbait gairekin batera. Arazo nagusiak ezagutu ondotik, helburu nagusiak ezarri zituen foroak. Batetik, erreka eta ekosistema mantentzeko ur-emari nahikoa segurtatu nahi da; uraren kalitatea eta errekako ekosistemaren kalitate hidromorfologikoa ere hobetu behar dira; uraren erabilpen jasangarria sustatu nahi da, kudeaketa eta kontrola hobetu eta sentsibilizazioa landu. Helburu hauek kontuan hartuta, zenbait neurri ere proposatu zituen Uraren Foroak eta hemendik aitzinera, udalei, mankomunitateei, Nafarroako Gobernuari eta Uren Konfederazioari hartu beharko liratekeen neurrien berri emanen zaie.

Uraren Foroaren hiru bozeramale ere izendatu ziren: sektore publikoaren bozeramailea Vicente Arotzena Arantzako zinegotzia izanen da eta ordezkoa, Deñe Abuin, Lesakako zinegotzia. Sektore produktiboaren bozeramailea, Jose Javier Arraztoa, energia hidroelektrikoaren produktorea eta ordezkoa, Cederna-Garalur erakundeko Arantxa Arregi; gizarte sektorearen ordezkaria, Jorge Teniente, ANMS Ríos con vida elkarteko presidentea izanen da eta ordezkoa, Jose Ignacio Irusta erabiltzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun