Hainbat zerri hazle sarituak estatu mailako Porc D’Or lehiaketan

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 19a

Zerriak hazten dituzten Nafarroako zortzi zerri hazlek lortu dute aurten Lleidan egiten den Porc D’Or lehiaketako saria. Katalunyako Generalitatearen menpe dagoen Institut de Recerca I Tecnologia Agroalimentàries erakundeak ematen ditu dominak, produkzio datuen arabera estatu osoko zerri-esplotazio onenak sarituz. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, zerri-esplotazioa BDporc izeneko datu-basean sartua egon behar du.

Hamalaugarren edizioa zen aurtengoa, eta guztira 450.000 zerrama dituzten espainiar estatu osoko 900 zerri-haztegik hartu dute parte. Hauetatik 77 esplotazio izendatuak zeuden 48 saritarako. Deialdian hiru produktibitate arlo ezberdin saritzen dira, bizirik jaiotako zerrikumeak, produktibitate kopurua eta umatze-tasa, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominarekin.

Gure eskualdera sari ugari etorri dira, hiru sailetan. Lehen kategorian, produktibitate kopurua sarituz (125 zerri baino guttiago), Etxalarko Francisco Jabier Irisarrik urrezko domina eskuratu du eta Urrozko Jose Mari Iribarren Etxegiak zilarrezkoa. Kategoria berean, bizirik jaiotakoen sailean, Iturengo Isidro Bazterrika Mutuberriak urrezko saria lortu du, eta Francisco Jabier Irisarri Telletxea etxalartarrak brontzezkoa.Umatze-tasen atalean, Begoña Sanzberro Iturriria baztandarrak, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria denak lehenbiziko saria lortu du. Almandozko abeltzaina hirugarren aldiz saritu dute Porc D’Or lehiaketa honetan. Zilarrezkoa Donamariako Leon Lasaga Irazokirentzat izan da, eta Berroetako Juana Etxenike Bikondoarentzat brontzezkoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun