Etxalartarrak hirugarren Usazaleen bestan

Joseba eta Nerea 2007ko abenduaren 19a

TTIPI TTAPA

Jana, edana, kantua, euria, sareak, sariak, euskara, frantsesa, eta nola ez, usoak. Ez zen deus faltatu joan den abenduaren 1ean uso-denboraldiaren akabila ospatzeko. 120 usazaletik goiti elkartu ziren bazkari ederraren bueltan herriko plazan paratutako karpa handi batean. Urteroko ohitura da bazkari hori, baina lekua aldatu egiten da. Urtero herri batean biltzen dira. Aurten Etxalari tokatu zitzaion, eta besta handi bat antolatuta hartu zituen Iparraldetik etorritako usazale guztiak. Batzuk autobusez, bertzeak autotan. Goizean goizetik Iharmendiko gainera hurbiltzen joan ziren dozenaka usazale, bisita gidatu batean parajeak ikusteko. Eguraldi txarra zela eta, txabola barrenean pasatu behar izan zuten goiza. Jan, edan eta kantari joan zitzaizkien orduak. Eguerdi partean, herriko plazan elkartu ziren bazkaltzera. Elutsako ilar gorriak, Anttoniok prestatutako usoak eta panaderian erretako bildotsa izan zituzten menuan. Bazkalondotik, Irune eta Itxaso trikitilariekin batera, sari-banaketa izan zen. Uso kopuru handiena harrapatu zuen Usategia Xiberuko Lanne herrikoa izan zen eta, horrela, lehenbiziko saria irabazi zuen: zapel handi bat. Bigarren Napalekoak izan ziren eta hirugarren gureak, Etxalarkoak. Kontent agertu ziren postu horrekin, aspaldiko urteetako posturik onena izan baitzen, aspaldiko denboraldirik onenari esker. Hurrengo urterako animorik ez zaie falta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun