Sakelak prest? Badatoz Eguberriak

ttipi-ttapa 2007ko abenduaren 19a

TTIPI TTAPA

Beharko sakelak prest eduki! Eguberriak gain gainean ditugu, eta dagoeneko eginak ez badira, laster opariak erosiko beharko ditugu. Kontsumitzailea gastuaren zurrubiloan murgiltzera bultzatzen dituen garaiak dira Eguberriak, eta badirudi ia ezinezkoa dela ez gastatzea. Ez bada gastatzen, Eguberriak ez ditugula behar bezala ospatzen ematen du. Kontsumitzaile bakoitzak ohi baino %5 gehiago gastatuko du Eguberrietan. Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera, familia nafar bakoitzak Eguberrietan 900 euro inguru gastatu zituen joan den urtean. Horietatik 278 euro janari eta edarietara joan ziren: arrain eta mariskoa, bildotsa, ardoa eta cava, turroiak…; bertze 252 euro jostailu eta oparietan gastatu zituen. Eta jakina, garai honetan ohikoa dena loterian 90 euro gastatu zituen bakoitzak iaz. Gainontzekoa bidaietan eta bertzelako gastuetan joan zen. Aldaketa hauen guztien aitzinean, komertzianteak era berezian prestatzen dira Eguberrietarako, saltokiak kanpotik apainduz eta eskaintza zabalak eginez, bertzeak bertze, erosleak sarituz.

Gero eta ohitura haundiagoa dago herrietako denda ttikiak utzi, eta hirietako merkatalgune haundietara jotzeko. Nafarroan, erraterako, elikagaietan denda ttikiek duten merkatu kuota %20koa da, eta arropa dendena %35ekoa. Hori dela eta, herrietako saltokien bilakaera elkarteetan biltzea izan da. Elisabet Azkarate Nafarroako Komertzioen Federazioko kudeatzaileak «batasuna ezinbertzekoa» dela erran digu, «bakarrik lortu ezin diren helburuak lortzeko». Eta hori da, Bertan Baztango Merkatarien Elkartea, Doneztebarrak Merkatarien Elkartea, Berako Larun-Haitzpe Elkartea eta Lesakako Zerbitzu Elkartearen kasua. Hiri bazterretako saltoki erraldoien indarra haundia den garaian, erantzuna herrietatik dator. Denek ere helburu argia dute: herria bizirik mantendu, eta herriari mugimendua ematea. «Jendearen gustuko herria egitea», dio Rosa Lasaga Lesakako Bixkiak dendako jabeak eta Lesakako Zerbitzu Elkarteko diruzainak; «Herriari bizitasuna ematea», Maite Zozaia Doneztebeko Tximista dendakoa eta Doneztebarrak Merkatarien Elkarteko diruzainaren hitzetan. «Denok denon beharra dugu, eta merkataritza gune haundiei aitzin egiteko aukera bakarra da», dio Neli Yanci Vitalicio Aseguruak eta Bertan Baztango Merkatarien Elkarteko batzordekideak. Hain samurrak ez diren garaiotan hainbat kanpaina lantzen dituzte urte osoan merkatarien elkarteek, eta Eguberrietarako ere prestatu dira.

Baztanen erosleen fideltasuna saritzeko asmoz

Baztanen sendo dabiltza Eguberriak prestatzen. Lehenbizi marrazki lehiaketa egin zuten, Eguberrietako kartela iragartzeko. «Kartel hori Eguberrietako kanpaina parte hartzen ari garen merkatari guztien ekimena da», dio Nelik. Aurten ez baitute elkarteko bazkide guztiek parte hartu. Iaz bezala, jendearen fideltasuna saritzeko asmoz, fideltasun txartelaren kanpaina paratu zuten abian azaroaren 12an. Fideltasun txartela betetzeko zigilua jaso daitekeen saltokiak dira ekimenaren barne daudenak. Fideltasun txartel hori 12 zigilurekin osatu behar da, baina denda edo merkatari bakoitzak ezin du hiru zigilu baino gehiago eman. Horren helburua, «jendea denean ibiltzea da», adierazi digu Vitalicio Aseguruak-ekoak. Urtarrilaren 8a bitarte luzatuko da kanpaina, eta orduan eginen da 60 saritik goiti banatzeko zozketa. «Herritarrei eskerrak emateko modua da», Neliren hitzetan. Gisa berean, abenduaren 10ean erakusleiho lehiaketa abiatu zuten. Ikastaro bat ere egin zuten horren inguruan. Ortziral honetan, hilak 21, bukatuko da lehiaketa, eta lau laguneko epaimahaiak erabakiko du zeini eman saria. Eta egutegia da Bertanen bertze egitasmoa. Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko etxeetan dohainik banatu dute. Baztango argazkiekin osatu dute egutegia eta azken orrian, elkarteko telefonoak bildu dituzte. Publizitate kanpainak ere egin dituzte. Ttipi-ttapa eta Xaloa Telebistetan eta Xorroxin Irratian emititzen ari dira. «Iragarki horietan jendea kanpora joaten bada, hemen bizia galtzen duela islatu nahi dugu».
Beran, abenduaren 26tik 30era haurrentzako parkea antolatu dute: puzgarria, haurrentzako tailerrak...
Donezteben, Eguberrietan murgiltzear daudela hasiko dituzte ekimenak. Hasteko, ortziral honetan, Santo Tomas Eguna dela eta, txistorra jatea eginen dute. Gainerako xehetasunak Maite Zozaiak argitu dizkigu: «Erakusketa bat ere antolatu dugu, emakumeen elkartearen eskutik. Eta abenduaren 25etik aitzinera, haurrentzako tailerrak eginen dira egunero, eta ortziral batean gaztain jatea egitea ere pentsatu dugu. Iaz bezala, urtarrilaren 5ean, Kalbagataren ondotik, merkatarien elkartekook osatutako lotea ere zozketatuko dugu. 2.000 euroko balioa duen lotea, eta horretarako aitzinetik txartelak egonen dira salgai. Eguberri guztietan lotea erakusleiho batean egonen da ikusgai».

Erakusleiho lehiaketa ere eginen dute.

Lesakako Zerbitzu Elkartean, azaroaren azken astean, kanpaina berezia garatu zuten. Lehenbizi erakusleihoen lehiaketa egin zuten eta jendeak erantzun ona eman zuen. Eta kanpainarekin bukatzeko, azaroaren 27an kontsumitzaileen eguna egin zuten. Bertze kanpainarik eginen dute galdetuta, «Eguberrietan denak oso lanpetuak egoten gara, eta martxo aldera kanpainaren bat eginen dugula», azaldu digu Rosak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun