Mendiaren Eguna ospatu zuen Doneztebeko Erreka elkarteak

TTIPI TTAPA 2007ko abenduaren 18a

Urtezahar egunean, Mendaurrera igoera eta San Silvestre lasterketa antolatu ditu

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak Mendiaren Eguna ospatu zuen larunbatean, abenduaren 15ean. Autobus Geltokian gelditu ondotik, handikan Leurtzako Zirkora joan ziren, Bonozorrotz mendia goituz. Eguerdiko 1ean “mendizale poteoa” egin zuten eta gero bazkaria Kasino Elkartean.

Bazkalondoren eguneko zita nagusia izan zen, Edurne Pasaban mendizale tolosarrak K2ra egindako igoera erakusten duen proiekzioa eman baitzuen. Gaur egun 14 zortzimilakoak egiteko borrokan dabil Edurne, munduko emakume bakar batek ere lortu ez duen balentria. Orain arte bederatzi zortzimilako goratu ditu: 2001ean Everest; 2002ann Makalu eta Cho Oyu; 2003an Lhotse, Gasherbrum II eta Gasherbrum I edo Hidden Peak; 2004an, K2; 2005ean Nanga Parbat eta 2007an Broad Peak. 2004an K2 goratu eta bizirik segitu zuen emakume bakarra izan zen Edurne, ordurarte bertze lauk lortu baizuten igoera, baina jeisterakoan edo bertze zortzimilakoetan bizia galdu zuten. Halere igoera izugarri gogorra suertatu zen hau, eta hankako bi behatzen falangeak galdu zituen izoztuak gelditu eta gero. Hain zuzen mendi honi buruz izan zen Doneztebeko proiekzioa. Larunbateko Mendiaren Egunaren ondotik, igande arratsaldean pilota eta erremonte partiduak jokatu ziren.

Saskiaren zozketa abenduaren 22an

Urtea akitu baino lehen bertze hainbat ekitaldi izanen ditu Errekak. Larunbatean, abenduaren 22an, Eguberriko saskiaren zozketa eginen da eguerdiko 1etan eta igandean, arratsaldeko 6etan, haurren eskubaloi partidua Abenduak 24an, goizeko 7:30etan Saioara irteera eginen dute mendizaleek.

Mendaurrera igoera eta San Silvestre lasterketa

Erreka Kirol Elkarteak modu indartsuan bukatuko du urtea. Abenduaren 31an, ohikoa den Mendaurrera igoera burutuko da. Mendizaleak goizeko 7:30etan dute hitzordua Doneztebeko Autobus geltokian eta tontorrean behar bezala ospatuko dute urte berriaren etorrera. Arratsaldean Doneztebeko Bigarren San Silvestrea antolatu da. Joan den urtean lehendabiziko edizioa burutu zen, sekulako arrakastarekin Laisterketa, 4 kilometrotako distantzia izanen duena, guztiz herrikoia izanen da. Izen-emateak Udaletxe atarian burutuko dira, eta laisterketari irteera arratsaldeko 6etan emanen zaio. Lehendabizikoentzat sariak eta parte hartzen duen bakoitzarentzat opariren bat izanen da. Zenbait zozketa ere izan dira korrikalari guztien artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun