Sunbillako Ulibeltzak Elkarteak antolatuta, aizkorari buruzko mahainguru interesgarria izan zen larunbat honetan, abenduaren 15ean. Arratsaldeko 7etan hastekoa zen mahaingurua, baina Arria II gibeleratu eta kasik hiru ordu laurden beranduago hasi zen. Mahai-inguruan, Anton Espelosin sunbildarraren aurkezpen eta galderei erantzunez aritu ziren Patxi Astibia leitzarra eta Jose Antonio Orbegozo Arria II.a, garai bateko aizkolari handiak. Prestakuntzaren inguruan eta korrikalari izan zen garaietaz Aiako Jose Leon Irutxinberri aritu zen. Apostuei buruz, berriz, Antonio Altuna mintzatzekoa zen, baina ezin izan zuen mahaingurura azaldu. Jende aunitz bildu zen Ulibeltzak elkartean, aizkorari buruzko azalpenak aditzera eta ondotik egin zen afaria dastatu eta bideo emanaldia ikustera. Lehenik, beraien ibilbidea nola hasi zen azaldu zuten hiru gonbidatuek.
Arria II.ak 61 urte ditu eta 5 aldiz Munduko txapeldun eta lautan Euskal Herriko txapeldun izana da. Etxekoen gogoen kontra hasi omen zen aizkoran eta, kasualitatez, lehenbiziko plaza Sunbillan izan omen zuen, Ramon Latasa zenarekin batera. Patxi Astibia leitzarrak 64 urte ditu , eta hiru aldiz Espainiako txapeldun eta behin Euskal Herrikoa izan da. Etxe inguruan aizkorarekin aritzen zen jendea ikusi eta bera ere halaxe hasi omen zen gazte-gazterik. Kokorikoko mendietan ere basomutil aritu zela gogoratu zuen leitzarrak. Joxe Leon Iruntxeberri ez zen aizkolari handia izan. Duela 70 urte sortua Aian, korrikalari gisara aritu zen eta jokatutako apostu gehienak irabazi gainera.
Elikadura eta prestakuntza
Beraien hasiera kontatu ondotik, kirolarien prestakuntzaz, elikaduraz, kontrario gogorrenak zein izan zituzten, gustoen zeinekin aritzen ziren eta bertze hainbat kontu azaldu zituzten. Seguruenik, gaur egungo kirolarien prestakuntzarekin zerikusi gutti duten kontuak aipatu zituzten. Aizkorarekin lotutako bertze hainbat pasadizo eta kontu gustora kontatu zituzten protagonistek, baita aditu ere Ulibeltzak elkartean bildutakoek.
Mahai- inguruaren ondotik afaria izan zuten eta afalondoan, Ramon Latasaren denboretako irudiekin bideoa ikusi zuten. Beraz, Sunbillan berriz ere aizkoraren inguruko kontuetaz gozatzeko aukera izanen dute larunbatean.